Ertzaintzak argi du 2021ean Bilbon hilda agertu zen gizona erail egin zutela
2021eko urrian Bilbon hilda topatu zuten gizonaren heriotzaren nondik norakoak ikertzen ari den Ertzaintzako agente batek esan duenez, "homizidioa izan zen". Bilboko hilketa eta beste lau hilketa egotzi dioten gizonezkoaren kontrako epaiketan eman ditu azalpena ertzainak. "Ezin dut ziurtatu hura akabatzeko asmoz gertatu zen ala lapurreta egitera joan eta eskuetatik joan zitzaiolako izan ote zen. Baina argi daukat hil egin zutela", baieztatu du.
Herri-epaimahaiarekin egiten ari dira epaiketa, eta bigarren saioa izan da ostegun honetan, Bizkaiko Epaitegian. Fiskaltzak 16 urteko espetxe zigorra eskatzen du akusatuarentzat, hilketagatik, eta akusazio partikularrak zein herri-akusazioak, 39 urtekoa. Defentsak, berriz, iruzur delitua baino ez du aitortzen.
Gaurko saioan hamaika pertsonak deklaratu dute. Tartean kasua ikertzen ari diren unitateetakoertzainak, eta biktimaren nahiz akusatuaren lagunek. Epaiketak ostiralean jarraituko du, froga perizialekin.
Biktima hilotz topatu ostean haren etxebizitza miatu zuten agenteek kontatu dutenez, "dena bere tokian" zegoen eta, "itxura batean" ez zegoen "indarkeria-zantzurik". Horregatik ez ziren hatz-markak hartu, ez eta beste froga batzuk ere.
Biktimaren anaiak, ordea, anaiaren heriotzaren ondorengo egunetan haren kontuetan mugimenduak zeudela salatu zuen, eta ordenagailu bat ere desagertu zela. Orduan ekin zitzaion ikerketari. Iruzurrak argitzeko taldeko agenteetako batek azaldu duenez, mugimenduen artean arreta eman zion izen batek, 2019an antzeko gertakariengatik ikerketapean izan zuten gizonezko baten izenak, hain zuzen ere.
Diru-txartelarekin dirua atera zen kutxazainetako irudiak lortzerik izan ez badute ere —pasatako denboragatik dagoeneko ezabatuta zeuden—, argitu du lurrindegi batekoak eskuratu ahal izan zituztela, eta horretan ageri da erosketa bat egiten ari zirela.
Irudi horietan hiru gizonezko agertzen ziren, eta horietako bi identifikatzea lortu zuten. Eman duen informazioaren arabera, akusatua ageri da —"zalantzarik gabe" identifikatu zuen, 2019ko ikerketa zela eta— "txartela atera eta ordainketa egiten" eta, beste gizonezko bat, "saltzailearekin hizketan". Bigarren hori fitxa polizial baten bitartez identifikatu zuten. Biak ere ikerketapean jarri zituzten, lapurreta eta iruzurretan ari zirelakoan.
Ordenagailuari dagokionez, agenteek atzeman zute "egun baten edo biren buruan" saldu zuela, biktimaren etxetik "oso gertu" zegoen denda batean, 213 euroren truke. "Pertsona bakar batek" egin zuen salmenta hori.
Epaiketan azaldu dutenez, 2021eko beste gertakari batek begira eman zien, izan ere, "inguru berean" gertatu zen eta "modus operandi" antzerakoarekin, nahiz eta, kasu horretan, biktimak ihes egitea lortu zuen.
Modus operandi hori azaldu du ertzain batek. Haren hitzetan, aurrena gizon homosexualekin elkar ikusteko aplikazio baten bidez ezagutzen zituen, "haien etxean geratzea" lortu eta gero "txartelak eta kontuetako gakoak lortzen saiatzen zen, dirua lapurtzeko".
Biktimaren bi lagunek eta lankide batek ere deklaratu dute gaurko saioan, eta pertsona "zentzudun eta bizkorra" zela azaldu dute, "bizimodu ordenatua" zuela, eta ez zuela ez drogarik ez alkoholik kontsumitzen.
Lagunek berretsi dute Interneteko plataformak erabiltzen zituela jendea ezagutzeko eta "mutil latinoekin" kontaktatzen zuela batez ere. "Norbait ezagutu" zuela kontatu zien biktimak neska biei.
Akusatuak hamar urteko zigor irmoa du Bilbon beste gizon bat hiltzeagatik eta Basauriko espetxean dago preso.
Zure interesekoa izan daiteke
Bartzelonan, Madrilen eta Berlinen ere Korrika!
Korrikak ez duela mugarik erakutsi du berriz ere. Larunbat honetan ehunka lagun bildu dira Bartzelonan, Madrilen eta Berlinen euskararen alde korrika egiteko. Tradizio bihurtzen ari da Euskal Herritik kanpo ere korrika egitea eta auten 50 hiri handitan antolatu dute hitzordua. Ikusmin handia eragin dute inguruan zebiltzan herritarren eta turisten artean.
Ehun bat polizia atxilotu edo ikertu dituzte Espainian azken bost urteetan, narkotrafikoarekin lotura izateagatik
EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez, Espainiako Gobernuak jakinarazi du 106 agente atxilotu edo ikertu dituztela 2021eaz geroztik, baina ez du zehaztu zein polizia zerbitzutakoa den ikertutako edo atxilotutako pertsona bakoitza.
Arrazismoaren aurkako martxa batek "faxismoaren gorakada" eta "zigorgabetasuna" salatu ditu Bilbon
Arrazagatiko Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, ehunka pertsonak bat egin dute larunbat honetan Arrazakeriaren aurkako Bilboko M21 Asanbladak deitutako manifestazioarekin. "Faxismoaren gorakada" salatu, eta "talde neonazi eta supremazisten" jarduera eta diskurtsoen "zigorgabetasunaz" ohartarazi dute. 12:00ak jota zirenean hasi da martxa, Mariaren Bihotza plazan, eta San Frantzisko kalea Zabalbururaino zeharkatu eta gero, Bilboko udaletxearen aurrean amaitu da, manifestu bat irakurrita.
Edukiontziak erre dituzte bart Getxon eta Bilbon, eta ikerketa zabaldu du Ertzaintzak
Getxoko Areeta auzoan, 12 edukiontziri eman diete su, eta Bilboko Zorrotza auzoan, 3 erre dituzte. Ikerketa abiatu dute, eta Getxoko Udaltzaingoa susmagarri bat identifikatzeko lanean ari da jada.
Durango, Palestinaren alde
Musikari ez ezik, bertsolariei eta umoregileei ere ireki die leihoa Oihu bat Palestinara jaialdiak; izan ere, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Txaber Altube eta Nerea Ibarzabal bertsolariek eta Antton Telleria eta Asier K. bakarrizketariek hartu dute parte.
Nafarroako Erribera luze-zabalean zeharkatuta, Iruñerako bidea hartuko du gauerdian Korrikaren lekukoak
13:23an iritsiko da igandean Korrika Nafarroako hiriburura, bere laugarren egunean. Euskararen aldeko pausoek Erribera hartu dute larunbat honetan, korri eginez eta euskaraz bizitzeko aldarria ahotan.
Ehunka lagun elkartu dira Bilbon, "Kuba bizirik. Blokeorik ez!" lelopean
Hegoak plataformak deituta, Kubaren aldeko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Bilboko Areatzan, "EBk ezarritako itolarri ekonomiko eta energia blokeo politika arbuiatzeko". Habanara iritsiko den konboi solidarioaren alde ere agertu dira. Bilbon bezala, Iruñean ere mobilizatu dira plataforma horrek deituta.
47 urteko gizon bat atxilotu dute Ermuan, anaia sastatzea egotzita
Erasoa 06:00ak aldera gertatu da, San Pelaio auzoko etxebizitza batean. 46 urteko biktima larri eraman dute ospitalera, gorputzeko hainbat lekutan zauriak baitzituen.
Gizon batek alaba adingabea hil du Torreviejan
Guardia Zibila indarkeria bikarioko krimen gisa ikertzen ari da gertatua. Zantzu guztien arabera, 40 urteko gizonak 3 urteko alaba hil du eta bere buruaz beste egin du ondoren.
Preso bat hilik aurkitu dute Baionako espetxean
23 urteko gizonak bere buruaz beste egin du. Arazo psikiatrikoak zituen, eta bakarkako ziega batean zegoen preso.