"Hogar Pamplonica", San Fermin 2025 jaiak iragarriko dituen kartela
Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Maider Beloki zinegotziak San Fermin 2025 iragartzeko kartel irabazlearen berri eman dute.
Sandra Nadal iruindarraren "Hogar pamplonica" kartelak 2025eko sanferminak iragarriko ditu, etxe baten fatxadaren irudi errealista batekin. Etxeko balkoietan sanferminetan ibiltzen diren jantzi-arropak daude zabalik, gerriko eta zapi gorri eta guzti.
Alkateak nabarmendu duenez, 10.000 boto baino gehiago izan dira guztira, 2019ko bozketaren ondoren izandako bigarren bozketarik arrakastatsuena, eta "horrek agerian uzten du prozesuaren osasun ona".
Maider Beloki zinegotziak nabarmendu duenez, botoen % 70 Internet bidez jaso dira, eta % 28, berriz, aurrez aurre.
Kartel irabazleak 4.096 boto jaso ditu, guztizkoaren % 39. Gainera, alkateak balioetsi du Nadal hirugarrenez aurkeztu dela lehiaketara.
Artistak bi elementu nabarmendu ditu kartelean. Alde batetik, etxea, "geurea". Bestalde, arropa, "gure nortasuna". "Kanpotik datozenak babestuta sentitzeko gonbidapena" erakutsi nahi izan duela azpimarratu du. Nadalek kartelean "egunerokoa" islatu nahi izan duela azpimarratu du, eta "betikoari buelta bat eman behar" zitzaiola adierazi du.