Bilakaera demografikoa EAEn: Euskal gizartea nabarmen zahartu da azken 4 hamarkadatan
Astelehen honetan, ekainaren 16an, 45 urte betetzen dira Carlos Garaikoetxea lehendakari zuen lehen Eusko Jaurlaritzak lehen Gobernu Kontseilua egin zuenetik. Efemeridea kontuan hartuta, lau hamarkada eta erdi hauetan euskal gizarteak bizi izan duen bilakaera aztertu nahi izan du EITBk egunotan argitaratuko den EITB Data azterlanaren bidez.
80ko hamarkadarekin alderatuta, lehen ezberdintasuna biztanlerian dago. Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria % 3,7 igo da azken 40 urteetan. Zehazki, 2024aren amaieran 2.227.684 biztanle zeuden, 1985ean baino 80.513 gehiago.
Hala ere, daturik nabarmenena gizartearen zahartzean dago. Biztanleriaren batez besteko adina 34,6 izatetik 46,2 izatera igaro da denbora honetan.
Adin tarteei erreparatuz, haurren eta gazteen galera handia izan dela ikusten da. 20 urtetik beherakoak % 41,4 gutxiago dira gaur egun eta 20-39 adin tartekoen biztanleria % 36,7 erori da.
Zerrendaren beste aldean, pertsona helduenak nabarmen ugaritu dira. Horrela, 60 eta 69 urte artekoen kopurua % 78 hazi da urte hauetan eta 70etik gora dituztenak % 166,6 gehiago dira.
Bizi itxaropenaren luzatzea eta jaiotze-tasaren jaitsiera dira gizartearen zahartzea eragin duten faktoreetako bi. Hain zuzen ere, jaiotze kopurua % 38,8 jaitsi da 1985etik. 2024an 12.937 haur jaio ziren EAEn, 1975etik izan den kopururik txikiena.
Izan ere, amatasunarekiko jarrera aldatu egin da. Denbora tarte honetan bost urte atzeratu da lehen umea izateko adina: 26,9tik 32,4ra igaro da.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda