Hizkuntza gutxituak biziberritzeko arnasguneek duten garrantzia aztertuko dute Azpeitian
Euskararen arnasguneen garrantzia eta hizkuntza gutxituen biziberritze-prozesuetan duten eginkizuna aztergai izango dira aste honetan Azpeitian, Arnasguneak Hizkuntza Gutxituen Biziberritzean izeneko nazioarteko konferentzian. Jardunaldia urriaren 16an eta 17an izango da, Soreasu antzokian, 9:00etatik 18:00etara.
Ekitaldia presentziala izango da, eta guztira 15 orduko iraupena izango du. Izena emateko epea urriaren 15era arte egongo da zabalik.
Antolatzaileek azaldu dutenez, konferentziaren helburua da arnasguneek hizkuntza gutxituak biziberritzeko duten garrantziaz gogoeta eragitea eta arnasguneetan hizkuntza gutxituek duten egoera soziolinguistikoa indartzeko proposamenak eta neurriak plazaratzea.
Euskal Herrian “arnasgune” izendatutako eremuetan jarri dute arreta soziolinguistikak, hizkuntza politikek eta euskararen aldeko gizarte mugimenduek. Antzeko eremuak “hiztun dentsitate altuko lurraldeak”, “hizkuntzaren gotorlekuak” eta “komunitate bernakularrak” izenez ezagutzen dira Europan eta munduan hizkuntza gutxituen eta gutxiengo linguistikoen alorrean.
Horrelako guneetan hizkuntza gutxitua modu naturalagoan erabiltzen da, eta, ondorioz, hizkuntza-ohiturak garatzen dira. Gainera, belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, eta hiztun berrientzat sozializazio- eta erabilera-gune egokiak dira.
Arnasguneek, beraz, zeregin estrategikoa dute hizkuntza gutxituen etorkizunean eta biziberritze prozesuetan, eta horien egoera soziolinguistikoa hizkuntza-komunitatearen osasun orokorraren adierazgarri izaten dela nabarmendu dute antolatzaileek; “izan ere, arnasgunerik gabeko hiztun komunitatea galbidean dago eta sendo dauden hizkuntzek arnasgune geografiko zabalak dituzte”. Horixe bera azpimarratzen du Asier Basurto Arruti Soziolinguistika Klusterreko kideak ere: “Arnasgune baten osasun soziolinguistikoa hizkuntza-komunitatearen osasun orokorraren isla izaten da”.
Hori horrela, politika publikoetan lehentasunezko arreta behar dutela nabarmendu dute antolatzaileek: “Ingurune hauetan hizkuntza gutxituaren aldeko norabidean dinamika soziala piztea eta elikatzea, bereziki demografia, hezkuntza eta eremu sozioekonomikoko baldintzei dagokienez, hizkuntza gutxituen etorkizunaren alde lan egitea da”.
Zure interesekoa izan daiteke
Adin txikikoak dituen Donostiako familia baten etxegabetzea aldi baterako geldiarazi dute
Gizon bat espetxeratuko dute Iruñean, bikotekide ohiari sexu-erasoa eta mehatxuak egitea egotzita
Dei komertzialak 400 zenbakiaz hasiko dira larunbatetik aurrera
Polizia manifestarien aurka oldartu da eta bost lagun atxilotu dituzte Madrilen, hezkuntza grebaren lehen egunean
Martxoaren 3ko biktimen erreparaziorako bidea ireki du Arabako Fiskaltzak
Pablo Ibarren auziko epaileak baztertu egin du lekuko berri batek deklaratzea