Bost haur gazatar Euskadira iritsiko dira gaur, arreta mediko espezializatua jasotzeko
Eusko Jaurlaritzak baieztatu duenez, patologia traumatologikoak, kardiologikoak eta onkologikoak dituzten adingabeak Gurutzetako, Donostiako eta Basurtuko erietxeetan ospitaleratuko dituzte.
Alberto Martinez Osasun sailburuak adierazi duenez, bost haur gazatar iritsiko dira gaur Euskadira, eta EAEko ospitaleetan artatuko dituzte, dituzten osasun-premiak direla eta. Adingabeek patologia traumatologikoak, kardiologikoak eta onkologikoak dituzte, eta gaur goizean Torrejon de Ardoz aire-basean lurreratu den talde zabalago bateko kideak dira. Beren familiekin batera heldu dira.
Areilza Doktorearen kaleko anbulatorioan, Bilboko Indautxu auzoan, Martinezek zehaztu duenez, haurrak hiru ospitaletan banatuko dira: bina, Gurutzetako eta Donostiako ospitaleetan, eta, bat, Basurtuko Ospitalean.
Sailburuak euskal erakundeen eta Estatuko agintarien arteko lankidetza txalotu du, Gazako Zerrendatik datozen adingabeei arreta humanitarioa emateko programa baten barruan dagoen harrera sanitarioa posible egiteagatik.
Martinezek azpimarratu duenez, "euskal mediku-taldeak prest daude haurrei ahalik eta arreta onena emateko eta prozesu honetan familiei ere laguntzeko". Gainera, EAEko osasun-sistemak nazioarteko larrialdi-egoeren aurrean ematen duen erantzun solidarioa ere txalotu du.