Hiru pertsona hil dira, ustez hantabirusak jota, gurutzaontzi batean
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) adierazi duenez, "kutsatze-arriskuak txikia izaten jarraitzen du" eta "ez dago izutzeko arrazoirik". MV Hondius gurutzaontzia lehorreratzeko portu bila ari da, Cabo Verdek baimena ukatu baitio. Ontzian doazen 149 lagunetatik 14k Espainiako nazionalitatea dute.
Hondius ontziaren artxiboko irudia | REUTERS
Argentinatik abiatu eta Cabo Verdera bidean osasun arazoak igarri zituzten sei bidaiarietatik hiru hil egin dira azken orduetan, eta bat zainketa intentsiboetan dago, ustez, hantabirusak jota.
Ontzian doazen 149 lagunetatik 14k Espainiako nazionalitatea dute.
MV Hondius gurutzaontzia lehorreratzeko portu bila ari da, Cabo Verdek baimena ukatu baitio. Gaur-gaurkoz, Kanarien aukera indarra hartzen ari da (Kanaria Handia, Tenerife).
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) adierazi duenez, "kutsatze-arriskuak txikia izaten jarraitzen du". "Ez dago beldurtzeko edo bidaiak bertan behera uzteko beharrik", adierazi dute.
Hildakoak
Hegoafrikako Osasun Departamentuak adierazi duenez, "itsasontzia Hegoafrikako kostaldean nabigatzen ari zen bitartean, bidaiarietako batzuek osasun-arazo larriak izan zituzten, eta hasiera batean arnas infekzio sinpletzat hartu ziren".
Lehenengo hildakoa 70 urteko bidaiaria zen, "bat-batean itsasontzian gaixotu zen, Ushuaiatik (Argentina) Santa Elena uhartera (lurralde britainiarra, Atlantikoaren hegoaldean) egindako bidaian. Sukarra, buruko mina, sabeleko mina eta beherakoa izan zituen.
Bigarren hildakoa haren emaztea izan zen, 69 urtekoa. Johannesburgoko OR Tambo Nazioarteko Aireportuan "zorabiatu egin zen, sorterrira hegaldia hartzera zihoala".
Hirugarren hildakoa alemaniarra da. Era berean, 69 urteko gizonezko britainiar batek zainketa intentsiboetan jarraitzen du Hegoafrikan.