Nerabeen % 10ak ziber-jazarpena jasan du eta hirutik batek indarkeria digitala bikote harremanetan
Haurtzaroa, nerabezaroa eta ongizate digitala neurtzen dituen UNICEFen txosten berriaren arabera, azken lau urteetan jaitsi egin dira “sexting” kasuak zein mugikorraren erabilera ikasgelan, baina antsietatea eta indarkeria digitala areagotzen ari dira.
Hiperkonektatutako belaunaldi baten argazki garbia eskaintzen du UNICEFEk Haurtzaroa, nerabezaroa eta ongizate digitala. Osasunaren, bizikidetzaren eta gizarte-erantzukizunaren ikuspegitik izeneko ikerketak: sare sozialetan murgilduta, ordu askotako kontsumoarekin, interneteko arriskuez jabeago baina emozio eta bizikidetza erronka handiei aurre egin beharrean.
Mundu mailan egindako ikerketa zabalena izan da. Estatu espainiarreko ia 100.000 haur eta neraberen ahotsa jaso da, milaka EAEn zein Nafarroan ere. 10 urtetatik hasi (LH 5) eta 18 urtera arte (Batxilergoa). red.es erakundeak, UNICEF Espainiak, Santiago de Compostelako Unibertsitateak eta Ingeniaritza Informatikoko Elkargo Profesionalen Kontseilu Nagusiak hartu dute parte ikerketan.
Duela lau urteko txostenak 10’96 urtetan jartzen zuen lehen mugikorra eskuratzeko adina. 2025eko ikerketan, 10,8koa da batez besteko adina. Antzekoa, beraz.
Telefono mugikorraren presentzia Lehen Hezkuntzako azken urteetan hasten da nabarmentzen: 10 urterekin, haurren % 41ek mugikor propioa du eta 12 urterekin, berriz, % 76ak. DBHko ikasle ia denek –% 92,8ak– dute telefono propioa.
Nerabeak modu masiboan daude erregistratuta sare sozialetan: % 92,5ak gutxienez sare sozial batean parte hartzen du eta % 75,8k hirutan edo gehiagotan. Lehen Hezkuntzako azken mailetan ere, % 78,3k dagoeneko badu presentzia sareren batean.
Sareen erabilera problematikoak ondorioak ditu
10 eta 20 urte bitarteko neska-mutilen ia % 9ak egunero bost ordu baino gehiago ematen ditu sare sozialetan astegunetan, eta kopuru hori ia % 20ra iristen da asteburuetan. Gainera, % 5,7k sare sozialen erabilera problematikoa egin dezake eta portzentaje hori % 7,7ra heltzen da Batxilergoa egiten dutenen artean –etaparik ahulena–, nesken artean datu hori bikoiztu egiten delarik.
Erabilera intentsibo hori antsietatea handiagoarekin, bizi-kalitate txarragoarekin eta bitarteko digitalen bidez, jazarpena edota bikote harremanetan kontrol handiagoarekin lotuta dago. “Nerabeen % 25ak adierazten du eskola-jazarpena jaso duela, % 10 inguruk ziberjazarpena, eta bikotekidea duten hiru gaztetik batek aitortzen du mugikorraren edo sareen bidez kontrola edo xantaia bizi izan duela”, adierazi du Antonio Rialek, Santiago de Compostelako Unibertsitateko ordezkariak, “indarkeria digitalaren forma horiek gero eta agerikoagoak dira nerabeen eguneroko bizitzan”, gehitu du.
Helduen erabilerak eragina du haur eta gaztetxoen erabileran
Helduek mugikorra erabiltzen duten moduak eta teknologiaren erabileran arauak jartzeak edo ez, eragina du nerabeek online arrisku-jokabideekin, ikerketaren arabera. Adibidez, bazkalorduan mugikorra erabiltzen duten gurasoen seme-alabak dira asteburuetan 5 ordu baino gehiagoz sare sozialetan ibiltzen diren nerabeak (%24,6). Aldiz, bazkalondoan mugikorrik erabiltzen ez duten gurasoen seme alaben kopurua % 17,9koa da.
Gauza bera gertatzen da pornografia konsumoarekin (% 27,5 vs % 34,3) edo sareetan ezezagunak onartzearekin (% 31,6- % 40,3ren aurrean), gurasoek zenbat eta erabilera desegokiagoa izan, seme-alabek gehiago eta desegokiago erabiltzen dituzte sareak.
Sexu jazarpena eta pornografia
Teknologiak Haur eta Nerabeengan duen eragina txostenaren arabera, erabilera arduratsuan aurrerapausoak eman dira azken txostenarekin alderatuta, eta online arrisku batzuk murriztu diren arren – hala nola “sexting”aren beherakada, ezezagunekiko kontaktuta edo mugikorraren erabilera ikasgelan– oraindik ere arriskuek hor jarraitzen dute:
Inkestatuen % 58,4k sarean ezezagunak diren pertsonekin hitz egin dute, % 25,1ek izaera sexualeko mezuak jaso dituzte eta ia % 9ak izaera erotiko edo sexualeko argazki edo bideoak bidaltzeko presioak jaso dituzte.
11,5 urterekin hasten dira haurrak pornografia kontsumitzen, inkestaren arabera. Hirutik batek dio ezustean egin duela topo eduki horiekin % 29,6ak dio noizbait kontsumitu duela.
Horri lotu behar zaio inkestatuen % 70ak adierazi duela ez dutela sexuaz hitz egiten etxean. Eta inkestari erantzun diotenen erdiek baino gehiagok deskonexio digitalaren nolabaiteko beharra adierazi dute, eta hezkuntza digital, afektibo eta emozional gehiago.
Ongizate digitala, osasun publikoko ardura bezala tratatu behar dugu
Teknologiaren erabilera intentsiboak eta akonpainamendurik gabeak erronkak sortzen ditu, eta, ikerketaren arabera, osasun publikoko gai gisa jorratu beharko lirateke erronka horiek, haurren eta nerabeen garapen fisikoan, emozionalean eta sozialean dituzten ondorioengatik.
Ikerketak ohartarazten du ingurune digitala oraindik ez dela segurua, eta eskatzen du: haurren eskubideak online bermatzea, indarkeria digitala fisikoarekin parekatzea babes eta erantzun bera izan dezan, ikastetxeetan mugikorren erabilera arautzea, eta erantzun bateratua ematea –estrategia nazional espezifiko batekin– erakundeen, familien, eskolen eta sektore pribatuaren aldetik, adingabeen parte-hartze aktiboarekin.
Ikerketak gogorarazten du, halaber, herritarren % 90ak baino gehiagok kezka adierazten dutela ingurune digitalaren arriskuengatik, eta datu horrek erakusten du premiazkoa dela modu koordinatuan jardutea.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskotrenek neguko ordutegia berrezarriko du astelehenean tren eta metro zerbitzuetan
Berrikuntza gisa, Gipuzkoan hobetu egingo dira larunbat gauetako zerbitzuak Donostia eta Hendaia artean, eta areagotu egingo dira asteburuan Amara eta Errenteria eta Oiartzun arteko maiztasunak.
Freedom Flotillako Bilboko kolaboratzaileek Palestina "berriro fokuan" jartzeko eskatu dute
Ontzia asteartera arte egongo da Bilbon. Egun hartan, Vigora abiatuko da, eta, ondoren, Mediterraneoan zehar nabigatuko du, Gazara iristeko asmoz.
10 minutuko isilunea Lekeition, Antzar Egunean hildako gaztearen familiari babesa adierazteko
Udalak eta Jai Batzordeak deitu dute elkarretaratzea. Portuan, festa ikusten ari zela, ondoezik sentitu zen atzo hildako gaztea, eta bi metroko altueratik erori zen.
Antzar Egunean hildako mutila gogoratu dute Lekeition, elkarretaratze isil batekin
10 minutuko isilunea egin dute 19:00etan, udaletxe aurrean, hildako gaztea gogoratzeko eta haren ingurukoei elkartasuna adierazteko. Horrez gain, gaurko jai-egitarauak aldaketa batzuk izan ditu.
Agertu da Bedian desagertutako 82 urteko gizona
Euskadiko Larrialdi Zerbitzuetako langileek gizona erreskatatu eta ospitale batera eraman dute, mendian aurkitu ondoren.
Astelehenean hasiko dute ikasturtea Euskadin 280.386 ikaslek
Iaz baino 59.200 ikasle gutxiago izango dira 2026-2027 ikasturtean. Hain zuzen ere, 339.586 ikasle zeuden pasa den urtean.
Maite Barnetche, telebistan euskaraz aritu zen lehen kazetaria, omendu dute Bidarrain
Duela 55 urte entzun zen lehen aldiz kazetari bat euskaraz telebistan. Maite Barnetcheren hitzak izan ziren. Nafarroa Behereko komunikatzailea, Euskal Telebista sortu aurretik, 1971n hasi zen telebistan lanean, France 3 katean. Duela 40 urte zendu zen, oso gazte, eta gaur lagun, familia eta gertukoek omenaldia egin diote euskarazko telebistaren aitzindari honi, bere sorterrian, Bidarrain
Astelehenean hasiko da errugbi jokalari ohi Federico Martin Arambururen heriotzaren epaiketa
Epaiketan, Loik Le Priol eta Romain Bouvier ultraeskuindarrak eseriko dira akusatuen aulkian, jokalari argentinarra tiroz hiltzea egotzita biak.
Itzali dute Bermeoko San Migel auzoan piztu den sutea
13:45 aldera piztu da sua, eta tarteko, BI-631 errepidea itxi behar izan dute, bi noranzkoetan.
Abuztuaren 27an Bilbon desagertu zen 37 urteko gizon baten bila ari da Ertzaintza
Jakinarazi dutenez, begi marroiak ditu, ile beltza, 171 eta 180 zentimetro arteko altuera eta 71 eta 80 kilo arteko pisua. Gorpuzkera argala dauka.