Pertsona bat hil da eta beste bi desagertu dira azken orduetan Andaluzian denboralearen eraginez
Malagako Alhaurin el Grande udalerrian desagertu da horietako bat, hildakoaren gorpua aurkitu duten leku berean. Desagertutako beste laguna Granadako Illora udalerriko motor-gidari bat da.
Pertsona bat hil eta beste bat desagertu da Alhaurin el Grande udalerrian, larunbatetik Malaga astintzen ari den denboralearen ondorioz.
Guardia Zibilak baieztatu duenez, bi gizon zeuden desagertuta, eta horietako baten hilotza aurkitu dute arratsaldean.
Larunbatetik Andaluzia gogor jotzen ari den denboraleak 474 gorabehera utzi ditu azken orduotan, gehienak Malagan.
Orduek aurrera egin ahala, baina, hobera egin du iragarpenak, eta Aemetek bertan behera utzi ditu igande honetarako Malaga osoan ezarritako abisua. Alerta laranjak indarrean jarraitzen du, ordea, Almerian eta Granadako kostaldean.
Motor-gidari baten bila ari dira Granadan
Bestalde, Guardia Zibila, Suhiltzaileak eta Babes Zibileko langileak motor-gidari baten bila aritu dira gaur goizetik Illoran (Granada). Dirudienez, motorrean zihoala ur korronte batek eraman du aurretik. Motoa handik ordu batzutara agertu da.
10:30 eta 11:00ak bitartean gertatu da ezbeharra, eta ordu horretan jaso dute larrialdi zerbitzuek gertatutakoaren berri.
Desagertutako gaztea bilatzeko dispositiboa bertan behera utzi dute gauean eta astelehen honetan ekingo diote berriro, lehen orduan.
Abisu gorria euriagatik Valentzian
Aemetek alarma gorria ezarri du Valentzia hegoaldeko kostaldean, euri asko espero delako. Gainera, Generalitateak ES_Alert sistema erabili du mezua bidaltzeko inguru horretako bizilagunei. Igandean zehar bi aldiz bidali dute alerta mezua.
Izan ere, metro koadroko 230 litro ur pilatu dira azken 12 orduetan, aurreikusitakoa baino gehiago.
Valentziako euri-denboraleak hogei errepide baino gehiago kaltetu ditu eta metro zerbitzua eten du zenbait puntutan.
Guardia Zibilak Pobla Llargako 38 bizilagun ebakuatu ditu, inguruko ibai batek gainezka egiteko arriskua zegoelako, eta Valentziako Torrent herrian, l 'Horteta sakanaren inguruan, lau ibilgailutan zihoazen zazpi lagun ere onik erreskatatu dituzte.
Gainera, Carcaixenten mugikortasun arazoak dituzten bi adineko ebakuatu behar izan dituzte denboralearen ondorioz.
Valentziako Generalitateak azken orduan adierazi duenez, Aemetek abisu gorria amaitutzat eman eta laranjara jaitsi badu ere, garrantzitsua da herritarrak Babes Zibileko alertei adi egotea eta joan-etorriak saihestea.
1.513 tximista erori dira Valentzian, "guztiz apartekoa"
Aemetek jakinarazi duenez, igande honetan 1.513 tximista erori dira Valentziako lurralde osoan 21:00ak arte, eta egoera "guztiz apartekoa eta harrigarria" dela erantsi dute.
2000. urtetik gaur arte, 2016ko abenduaren 18an erregistratu ziren Valentziako Erkidegoan tximista gehien (227). "Gaur, 1.513", azpimarratu du agentziak.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda