TRENBIDE-TRAGEDIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Adamuzeko tren istripuan zer gertatu den jakin egingo dela azpimarratu du Sanchezek

Espainiako Gobernuko presidenteak Estatuaren babesa adierazi die Kordobako tren istripuaren biktimei, eta tragediari emandako erantzunean batasun instituzionala nabarmendu du.

ADAMUZ (CÓRDOBA), 19/01/2026.- El presidente del Gobierno Pedro Sánchez (2d) durante declaraciones ante los medios de comunicación en Adamuz, Córdoba, este lunes. Sánchez ha asegurado este lunes desde el lugar donde se ha producido la tragedia ferroviaria de Adamuz, en Córdoba, que se dará con "la verdad" sobre la causa del accidente y se conocerá "la respuesta" al origen del siniestro que ha causado al menos 39 fallecidos. EFE/ Jorge Zapata

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek adierazi du Adamuzen (Kordoba)  gertatutako tren istripuan zer gertatu den jakin egingo dela, eta informazio guztia “gardentasun osoz” emango dela argitara. “Espainia osoan egun mingarria” izan dela esan du, eta Espainiako Gobernuko buruak bere oroitzapena adierazi die biktimen familiei, eta “Espainiako gizarte osoaren besarkada” helarazi die.

Kordobako herrian bertan zegoela hedabideei egindako adierazpenean, Sanchezek esan du tragedia orok “batasuna eskatzen duela”, eta bermatu du lehen unetik Estatuak “batuta, koordinatuta eta leialtasunez” jokatu duela. Era berean, zaurituak lehenbailehen sendatzea nahi duela esan du, eta Gobernuak biktimak babesteko eta laguntzeko duen konpromisoa berretsi du, “behar duten guztian, eta behar adinako denboraz”.

Halaber, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidego guztien lana goraipatu du presidenteak, baita larrialdi zerbitzuena ere, eta ezbeharraren ostean emandako erantzun azkarra azpimarratu du. “Gertatutakoaren nondik norakiak ikertu eta iritzi publikoaren esku jarriko dugu”, errepikatu du.

Bestalde, Andaluziako Juntako presidente Juanma Morenok bat egin du eta administrazioen arteko koordinazioa nabarmendu du, eta eskerrak eman ditu trenbideko tragediaren aurrean elkarrekin jarduteagatik. Morenok Sanchezek erabilitako ia hitz berak erabili ditu, “leialtasun instituzionala” eta gobernu-mailen arteko lankidetza balioetsi du, larrialdiari eta kaltetuei erantzuteko.

Bi agintariek batasun politiko eta instituzionala irudikatu dute Kordobako probintzia eta herrialde osoa hunkitu duen gertakariaren aurrean.

Oscar Puente Garraio ministroak azaldu duenez, hainbat orduz lekuan bertan egon ostean, gertatutakoaren larritasun maila eta "ondorio larriak" egiaztatu dituzte, baina oraingoz "inork ez daki" istripua zerk eragin duen.

Hori dela eta, "zuhurtzia" eskatu du  "presaka egindako analisien" eta "espekulazio hutsetan oinarritutakoen" aurrean.

Espainiako Gobernuko presidenteak bertan behera utzi du astelehen honetako eta aste osoko agenda, oposizioko buruarekin eta gainerako talde parlamentarioekin Moncloan biltzeko asmoa baitzuen, eta Davosera (Suitza) bidaiatzekoa zen, Munduko Ekonomia Foroan parte hartzeko, baina konpromiso hori ere bertan behera utzi du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X