TREN EZBEHARRA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zer dakigu Kordobako tren istripuari buruz? Zer dago argitzeko?

Ordu gutxi batzuk baino ez dira igaro Adamuzen zorigaiztoko tren istripua jazo denetik. Argitu gabeko arrazoiak direla eta, bart, abiadura handiko tren bat errailetik atera da, eta kontrako noranzkoan zihoan Renferen tren bat bidetik aterarazi du. Horiek dira, oraingoz, baieztatuta dauden datuak. 

Accidente ferroviario en Adamuz Córdoba

Istripua izan duen Renferen trena. 

2026ko urtarrilaren 18a, igandea, 19:45. Data eta orduok iltzaltuta geratuko dira Espainiako tren istripuen historian. Une horretan, abiadura handiko tren bat (Malaga-Madril ibilbidea egiten ari zen) bidetik atera zen, kontrako trenbidean sartu, eta beste noranzkoan zihoan Renferen tren bat (Madril-Huelva) errailetatik ateratzea eragin zuen. Hona hemen une horretatik aurrera eskuragarri dagoen informazio egiaztatu eta ofiziala: 

Biktimak

Biktimen azken balantzea astelehen goizean jakinarazi dute agintariek. 

41 pertsona hil dira, baina ziurra da kopuruak gora egingo duela. Izan ere, Renferen trenaren lehen bi bagoiak amildegi batetik behera jausi dira, eta hondakinen azpian gorpu gehiago egon daitezkeela uste dute. Hildakoetako bat Alviako treneko makinista da. 

Ezbeharrean zauritutako 39 pertsona Andaluziako ospitaleetan daude, 35 heldu eta lau haur, eta istripuan artatutako 122 pertsonetatik 83ri alta eman zaie.

ZIUn 13 pertsonak jarraitzen dute, guztiak helduak, atzo bertan zegoen adingabea zainketa kritikoen unitatera eraman baitute: bost Kordobako Reina Sofia ospitalean, hiru Quirón Salud ospitalean, bi Gurutze Gorrian eta hiru San Juan de Dios ospitalean.

Ospitaleetan, ohiko zainketan, 26 zauritu daude: zortzi Sofia Erreginean (tartean lau adingabeak), bi Gurutze Gorrian, sei Quiron Saluden, bost San Juan de Diosen eta beste bat Huelvako Elena Infanta Ospitalean, Sofia Erreginatik eratorria.

Abiadura handiko Iryo trenean 317 pertsona zihoazen; Alviako trenean, 100 bat. 

Adifek 900 10 10 20 telefonoa jarri du biktimen senideei laguntzeko. 

Larrialdi zerbitzuak, biktimen senideak artatzen. Larrialdi zerbitzuak, biktimen senideak artatzen. EFE

Istripuaren lekua

Ezbeharra Adamuzeko hirigunetik bost bat kilometrora jazo da, Kordobako hiriburutik 30 kilometrora.

Duela gutxi eraberritutako trenbide zatia da (lanak joan den maiatzean amaitu zituzten). Bidea zuzena da puntu horretan, eta Adamuz herrira bideratzeko irteeratik gertu dago. 

Nola gertatu da ezbeharra?

Abiadura handiko trenaren azken hiru kotxeak (6, 7 eta 8. bagoiak) errailetik atera dira, ondoko trenbidean sartu, eta Renferen trena jo dute. Alvia trenaren lehen bi bagoiak errailetik atera dira eta lau metroko amildegitik behera erori dira.

tren istripua eusk
18:00 - 20:00

Nolako trenak dira istripuan nahasitakoak?

Abiadura handiko trena, Iryo 6189, ETR 1000 motakoa da, Frecciarossa 1000 izenarekin ere da ezaguna (gorria baita). Alstom taldeak ekoitzi zuen 2022an, eta azken azterketa urtarrilaren 15ean egin zioten. 

400 kilometro orduko abiaduran joan daiteke. 

Iryo italiar-espainiar konpainia bat da, eta abiadura handiko operadore pribaturik handiena da Espainiako Estatuan. 

Renferen trena (Alvia 2384) distantzia luzeko trena da, 120 seriekoa. CAFek eta Alstomek fabrikatu zuten 2006an. Brava izeneko bogieetan (trenen errodadura, gurpilen baliokidea) oinarritutako sistema du, eta, horiei esker, abiadura handiko zein zabalera ezberdineko trenbideetan ibil daiteke, hiru segundoan moldatzen baita. 

Ezbeharra izan duen abiadura handiko trena. Abiadura handiko trenaren azken hiru bagoiak irauli dira. EFE

Balizko kausak

Oscar Puente Garraio ministroak bart adierazi duenez, istripu "arraroa eta azaltzeko zaila" da Adamuzekoa, eta, beraz, egunak beharko dira arrazoiak argitzeko.

Alvaro Fernandez Renferen presidenteak baztertu egin du istripua gehiegizko abiadurak eragin duenik; izan ere, kaltetutako trenetako bat 205 km/h-ra zihoan, eta, bestea, 210 km/h-ra.

Fernandezek ez du espekulaziorik egin nahi izan, baina materialaren —trenarena berarena edo azpiegiturarena— balizko akats bat aipatu du; izan ere, linea horren segurtasun eta seinaleztapen sistema, LZB delakoa, giza akatsak saihesteko diseinatuta dago. Azaldu duenez, sistemak zirkulazioa automatikoki blokeatzen du bidean oztoporen bat dagoenean, trenaren larrialdiko balazta aktibatzea aginduta. Nolanahi ere, Iryoren trena errailetik atera eta Alviaren trenarekin talka egin arte 20 segundo baino ez ziren igaro, eta, beraz, ez zion denbora nahikorik eman LZBri larrialdiko balaztak aktibatzeko.

Azpiegitura iaz eraberritu zuten, eta Iryoren trena nahiko berria da (2022koa), eta ikuskapena egin zioten duela lau egun. 

Ondorioak

Abiadura handiko trenen zirkulazioa bertan behera utzi dute Madril eta Andaluzia artean, gutxienez, ostirala arte.

Bestalde, Andaluziako Juntak Babes Zibileko Larrialdietako Lurralde Plana aktibatu du, 1. fasean.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X