Amurrioko Mendiko Eskolako teilatua bota du haize-ufada handi batek
Arratsalde gorabeheratsua izaten ari da Euskal Herrian, haizearen eraginez. Ufada handiak neurtu dira goizetik han-hemen, eta dagoeneko kalteak eragin dituzte haizeteek. Amurrion, esaterako, Mendiko Eskolako eraikin nagusiko teilatua bota du haizeak.
Ondorioz, Mendiko kaleko espaloira jausi da egitura, baina ez da inor zauritu. Ertzaintzak hesituta du ingurua, eta suhiltzaileak ari dira bertan lanean.
Barakaldon ere haize-bolada bortitz batek publizitate kartel bat bota du Megapark merkataritza gunean.
Ingrid ekaitzak abisupean ditu Hego Euskal Herriko lau lurraldeak, haizea eta elurra (Nafarroan) tarteko. Mendebaldeko haizea harro dabil, eta Matxitxakon (Bermeo, Bizkaia), adibidez, 145 km/h-ko ufadak neurtu dituzte.