ONLINE PORNOGRAFIA 

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Arabako ikasle nerabeen % 47,3k online pornografia kontsumitu dute noizbait

Gasteizko Udalak, Vital Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) PSIDES ikerketa-taldeak Arabako adingabeen online pornografiaren kontsumoari buruz egindako lan batek agerian utzi duenez, Arabako adingabeek pornografiarekin lehen harremana 12 urterekin izaten dute. 

gaztea joven movil mugikorra

Artxiboko irudia. Argazkia: Europa Press

Arabako ikasle nerabeen % 47,3k online pornografia kontsumitu dute noizbait. Mutilen kasuan % 67,5ekoa da portzentajea, eta nesken artean % 32,5ekoa. Gainera, gazteen % 44k diote pornografia kontsumitzen jarraitzen dutela gaur egun, eta kasu horretan ere kontsumoa askoz handiagoa da mutilen artean (% 80,3).

Hala erakutsi du Gasteizko Udalak, Vital Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) PSIDES ikerketa-taldeak Arabako adingabeen online pornografiaren kontsumoari buruz egindako txosten batek. Ikerketa horren helburua zen jakitea ea zein neurritaraino kontsumitzen duten online pornografia nerabeek, eta hori jakinda, aldagai psikosozial garrantzitsuekin zer harreman duen jakitea, hala nola sextinga, online sexu-biktimizazioa, Interneteko arriskuen pertzepzioa, autoestimua, enpatia, adimen emozionala, hautemandako gizarte-laguntza eta jarrera sexistak.

Azterlana egiteko, 12 eta 17 urte arteko 1.413 ikasle elkarrizketatu dira, guztiak DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak. Kontuan hartu da sexua, ikasmaila, hezkuntza zentroa eta bizitokia (hiri edo landa ingurunea).

Kontsumoa eta ondorioak

Ikerketak dio Arabako nerabeek pornografiarekin lehen hartu-emana 12,04 urterekin dutela, eta badirela 6 urterekin pornografia kontsumitu dutenak ere. Galdetutakoen % 65ek esan dute eduki pornografikoetara lehen aldiz "nahi gabe" iritsi zirela. Horrek agerian uzten du, ikertzaileen hitzetan, eduki mota horiek oso eskura dituztela gazteek. 

Adinean eta maila akademikoan aurrera egin ahala, kontsumoa pixkanaka handituz doala ere azpimarratzen du txostenak: Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek kontsumitzen dute gehien. 

Halaber, pornografiaren kontsumoaren eta sexting praktikaren artean lotura dagoela ere ikusi da ondorioetan. Hau da, pornografia kontsumitzen duten gazteek gehiago trukatzen dizkiote elkarri sexu edukia duten argazkiak eta bideoak, pornografia ikusten ez dutenekin alderatuta. 

Bada nabarmentzekoa den beste joera bat ere: biktimizazio sexuala handiagoa da online kontsumitzaileen artean, gehien bat emakumeen kasuan. Besteak beste, baimenik gabe eduki sexualak jasotzea, mehatxuak eta presioak salatzen dituzte. 

Adituek Interneten erabilera arautzeko beharraz ohartarazi dute. Izan ere, pornografiaren gehien kontsumitzen dutenak dira Interneten arrisku gutxien ikusten dutenak. Horrek “zaurgarritasuna” areagotzen du.

Horrez gain, eduki pornografikoen kontsumoa estuki lotuta omen dago nerabeen izaerarekin: gazte horiek enpatia emozional gutxikoak direla azaleratu du ikerketak, besteen emozioak ulertzea eta bere egitea kosta egiten zaienak. Eta horrekin lotuta, gazteok aitortu dute familiaren, lagunen eta gertukoen babes gutxi dutela. 

Deigarria da, baita ere, eduki mota hori kontsumitzen duten gazteek emakumeekiko jarrera sexistagoa dutela, eta genero rol tradizionalekin bat egiten dutela.

Azkenik, hezkuntza afektibo-sexual integrala eskolan zein etxean lantzeko beharra azaleratu du azterlanak, bereziki, pornografiari, harremanei eta Interneten erabilerari buruzko ikuspegi kritikoa.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X