Ikerketa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskadiko adinekoen artean oso zabalduta dago jokoa, baina joko problematikoko kasuak oso urriak dira

Jokoaren Euskal Behatokiak egin duen '65 urtetik gorako pertsonak eta jokoa Euskadin' txostenak erakusten duenaren arabera, jokoa gehiago lotzen da tradizioarekin eta entretenimenduarekin adikzio-jokabideekin baino. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak eta Ixone Fernández de Labastida EHUren Arabako Campuseko errektoreordeak gaur aurkeztu dute ikerketa, otsailaren 17an izaten den Joko Arduratsuaren Nazioarteko egunaren harira antolatutako jardunaldian.

adinekoen-joko-ohiturak-aurkezpena jokoaren euskal behatokia
Txostenaren aurkezpena, gaur. Argazkia: Irekia.

Euskal Autonomia Erkidegoko adineko pertsonen artean jokoa oso zabalduta dagoen jarduera bada ere, oso urriak dira joko problematikoko kasuak eta Jokoaren Euskal Behatokiak egin duen '65 urtetik gorako pertsonak eta jokoa Euskadin' txostenak erakusten duenaren arabera, jokoa gehiago lotzen da tradizioarekin eta entretenimenduarekin adikzio jokabideekin baino. Hala ondorioztatu dute 750 laguni egindako inkesten eta hiru eztabaida-taldetan bildutako informazioa kontuan hartuta. 

Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak eta Ixone Fernández de Labastida EHUren Arabako Campuseko errektoreordeak aurkeztu dute ikerketa, otsailaren 17an izaten den Joko Arduratsuaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako jardunaldian. 

Datu zehatzerara joanada, txosten horrek erakutsi duenez, Euskadiko 65 urtetik gorakoen % 87,1ek ausazko jokoren batean jokatu dute azken urtean, eta parte-hartze kopuru handi horrek erakusten du kolektibo horren egunerokoaren parte dela. Hala ere, % 58,7k hilean egun bakarrean edo gutxiagotan jokatzen dute, eta % 32,8k hilean 2-4 egunetan. Astean behin edo egunero jokatzen dutenak oso gutxi dira. 

Gastua ere neurrizkoa da: azken asteko batez besteko gastua 7,78 eurokoa da (5 euroko mediana), nahiz eta Gabonetan gora egiten duen gastu horrek (batez beste, 134,38 euro). Gabon garaiko gastuetan aldeak nabariagoak badira ere, oro har, kopuru neurritsuak jokatzen dituzte EAEko edadekoek, eta tradizioari eta gizarte trukeari lotutako logika erritual eta salbuespenezkoari jarraituz egiten dute, adituen arabera. 

Adineko pertsonen artean, loteria tradizionalak (Loteria Nazionala, Gabonetakoa, Erregetakoa), Primitiba eta ONCEren kupoia dira joko gogokoenak. Nabarmendu dutenez, eztabaida-taldeetan jasotako diskurtsoek erakusten dute “betiko joko” gisa identifikatzen dituztela adinekoek modalitate horiek, ohiturari, konfiantzari eta partekatutako ilusioari lotuta, eta "argi eta garbi bereizten dituzte arriskutsuak edo arrotzak iruditzen zaizkien beste joko-mota batzuetatik". Nolanahi ere, joko-makinak, bingoa eta kirol-apustuak bigarren mailan geratzen dira, eta online jokoa eta kasinoa ia ez dira existitzen adin-tarte horretan. 

Ikerketaren arabera, EAEko adinekoen jokoa ez dago dirua irabazteko nahian oinarrituta, baizik eta tradizioarekin, sozializazioarekin eta ilusio partekatuarekin. 

Gauzak horrela, jokoan dabiltzan edadekoen % 98,8k ez dute mendekotasun-adierazlerik. Soilik % 0,4 daude joko patologiko arineko egoeran, eta % 0,8 arriskuan egon litezke. Termino absolutuetan, 4.000 adineko inguru egon litezke arrisku-egoeran Euskadin, eta 2.000 joko patologiko arineko fasean.

Horrez gain, datuek erakusten dutenez, genero-arrakala txikia da adin-tarte honetan; eta, bestalde, adinak aurrera egin ahala, maiztasuna eta gastua jaitsi egiten dira: 65-74 urtekoen % 90,5ek jokatzen dute; 85 urtetik gorakoen artean, berriz, % 75,2k. 

Nola bizi diren ere aldeak daude: etxean lagunduta bizi diren pertsonak dira gehien parte hartzen dutenak (% 90,1), eta bakarrik bizi direnak, zertxobait gutxiago (% 85,2). Laguntza jasotzen duten edo egoitzetan bizi diren adinekoen artean, % 54,4ra jaisten da zenbatekoa.

Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, txostenak erakusten du adinekoen joko-ohiturak ez direla arazo-iturri, orokorrean, eta politika publikoak errealitate horretara egokitu nahi dituzte, prebentzioan eta joko arduratsuan oinarrituta. 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Zupiria, Sestaoko gertakariari buruz: "Ertzaintzak indarra behar bezala erabiltzen ez duenean, lehenak gara salatzen"

Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak ziurtatu duenez, Ertzaintzak "gizartearen legitimitatea du indarra modu zuzen eta proportzionalean erabiltzeko, eta hori gertatzen ez denean, hori salatzen lehenak gara". Gasteizen ekitaldi bat egin aurretik, Segurtasun sailburuak adierazi du hasiera-hasieratik izan duela zaurituen egoeraren berri. Halaber, gogorarazi du Segurtasun Batzordean agerraldia eskatu duela gertatutakoaren nondik norakoak azaltzeko.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X