OSAKIDETZA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

30 urtean 2.000 gibel-transplante egin ondoren, mundu mailako erpinean dago EAE

Euskadin gibeleko lehen transplantea egin eta hiru hamarkada igaro direnean, Euskal Osasun Zerbitzuak halako ia 2.000 transplante egin ditu, urtean 75 inguru, eta mundu mailan lehen postuan dago, milioi biztanleko 60 transplanteko tasarekin, mendebaldeko herrialdeetako batez bestekoa halako hiru.

osakidetza quirofano kirofanoa transplante trasplante
Gurutzetako Ospitaleko ebakuntza-gela baten irudia. Argazkia: Irekia.

Otsailaren 27an, ostirala, ospatuko den Transplantearen Munduko Egunarekin bat eginez, Osakidetzak euskal osasunaren historiarako erabakigarria izan den mugarri bat gogoratu nahi izan du gaur: Euskadin 1996ko otsailaren 1ean Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egindako lehen gibel-transplantea. Izan ere, ordutik halako ia 2.000 interbentzio egin ahal izatea ahalbidetu duen programa baten aurreneko harria izan zuen hura; ez alferrik, ospitale hori erreferente bilakatu da Euskadin gibeleko transplanteetarako eta gibeleko gaixotasun aurreratuak maneiatzeko.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko gibeleko transplanteen taldeak 30 urteko jardueraren balantzea egin du ostegun honetan. Ekitaldian izan dira Mikel Gastaka Mateo Kirurgia Hepatobiliar eta Transplante Hepatikoko Unitateko buru klinikoak, Javier Bustamante Schneider Hepatologia Unitateko medikuak eta Kepa Esnaola Gangoiti HUC Transplanteen koordinatzaileak, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Transplanteen Unitateko talde osoaren ordezkari gisa; transplantatutako bi pazienterekin batera, Ainara Torremocha (2017an trasplantatua) eta Zuberoa Bilbao (2009an transplantatua).

Azaldu dutenez, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea jarduera handiena eta emaitza onenak dituen zentroetako bat da, eta urtean gibeleko transplante gehien egiten dituzten Estatuko hiru zentroen artean dago, 70 baino gehiago. 2016an egin zituzten gehien, 87 ebakuntza.

Urteekin egokitzen

Mikel Gastakaren arabera, urte hauetan gizartea aldatu den eran, aldatu egin dira organo-emaileak zein hartzaileak, eta, halabeharrez, egokitzen joan behar izan dute. Lehen urteetan, emaileak istripuetan hildako gazteak izaten ziren ia beti.

Hala ere, errepideko heriotzak gutxitzean, taldea bere esperientzia eta teknika kirurgiko eta anestesiko berriak baliatzen hasi zen "pertsona adinekoen" gibelak transplantatzeko, eta 2025ean emaileen % 40 70 urtetik gorakoak izan ziren, gehienak gaixotasun zerebrobaskularraren ondorioz hildakoak. Adinekoen organo asko "primeran iristen dira, orain jendea asko zaintzen delako", azaldu du Gastakak.

Emailearen profilak eta sendatzea lortzen duten hepatitis mota batzuetarako tratamenduak zabaltzeak aukera eman du transplantatutako paziente motak ere zabaltzeko, eta mugarrien artean nabarmentzekoa da 2019tik paziente onkologikoei ere ebakuntzak egiten zaizkiela.

Elkartasuna, gakoa

Gaur egun, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko biziraupen-emaitzak % 96koak dira transplantetik urtebetera, % 91 hiru urtera eta % 87 bost urtera. Transplantatutako hirutik bi bizirik daude 10 urtera.

Gainera, "Euskadin transplanteen erritmo oso altua dela eta, pazienteek batez beste 40 egun itxaron behar dute transplantatzeko, eta gaur egun 5 pertsona baino ez daude zerrendan", datu "aparta" nazioarte mailan.

Ekitaldian parte hartu duten mediku taldeak eta pazienteek nabarmendu eta eskertu nahi izan dute euskal organo-emaile diren herritarren elkartasuna eta egindako ekarpena, EAE Estatuan dohaintza tasa handiena duten erkidegoen artean mantentzea ekarri baitu, 2025ean milioi biztanleko 64,3 emailerekin.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Bi gizon atxilotu dituzte Tolosan pertsonen trafiko irregularra egotzita

Larunbat goizaldean, Ertzaintzaren patruila batek ibilgailu bat geldiarazi zuen, eta jabetu zen barruan sei pertsona zihoazela, bat maletategian. Gerora egiaztatu zutenez, bidaiariek dirua ordaindu zuten Irunera eta Parisera eramatearen truke. Gidaria eta maletategian zihoan gizasemea atxilotu, eta ertzain-etxera eraman zituzten, epailearen esku utzi aurretik egin beharreko izapideak betetzera.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X