URTEURRENA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Martxoak 3 elkarteak "Espainiako Erresumak 1976ko gertakariengatik duen erantzukizuna onartzea" eskatu du

Biktimen elkarteak omenaldia egin die "martxoaren 3ko garra bizirik mantendu dutenei".
VITORIA, 28/02/2026.- Familiares de las víctimas de la masacre del 3 de Marzo en 1976 en Vitoria, en la que la policía armada mató a cinco trabajadores en una asamblea, en el acto de homenaje que se ha celebrado este sábado en Vitoria. EFE/Adrián Ruiz Hierro

Martxoak 3 elkartearen ekitaldia, Gasteizen. Argazkia: EFE

Martxoak 3 elkarteak "adierazpen ofizial bat" eskatu dio Estatuari, "bertsio ofizial frankista gezurtatzeko eta Espainiako Erresuma Poliziaren jarduera kriminalaren erantzule dela aitortzeko", 1976an Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan bost pertsona hil eta ehun zauritu inguru eragin zituen eraso polizialaren harira.

Martxoaren 3ko Biktimen kolektiboak deitoratu duenez, "Estatuko estamentu batek ere ez du pausorik eman erantzukizunak argitzeko". Larunbat honetan, omenaldi hunkigarri eta errebindikatiboa egin dute Arabako hiriburuan, eta 50 urte hauetan "sugarra bizirik mantendu dutenak" goratu dituzte.

Ekitaldian, Nerea Martinez eta Leire Manzanos elkarteko bozeramaileek testu bat irakurri dute, eta "justizia" eskatu dute "Poliziak egindako sarraskian" hildako bost langileak gogoan hartuta. Gasteizen Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo, Pedro Mari Martinez eta Bienvenido Perea hiltzeaz gain, Gasteizko gertakarien aurka izandako protestetan Juan Gabriel Rodrigo hil zuten Tarragonan eta Vicente Anton Ferrero Basaurin.

Halaber, Gasteizko krimenen ostean zauritu, errepresaliatu eta espetxeratutako pertsona guztiak gogoratu dituzte, omenaldi gisa, baina baita salaketa gisa ere, "Espainiako zigorgabetasun eredu jasanezina" salatuz.

Elkarteak esker oneko hitzak izan ditu "Gasteizko herriarentzat"; izan ere, "bertsio ofiziala iraultzea lortu du, imajina daitezkeen zailtasun guztiei aurre eginez", "justizia hitzaren aldeko aldarria eginez, bost hamarkadako zigorgabetasunaren ondoren".

"Erakundeen utzikeria"

Martxoak 3 elkarteak salatu duenez, botereak "ahanzturara" eraman zituen aipatu biktimak, eta adierazi du "askok isildu eta onartu egin zutela, baina zenbaitek eutsi egin ziotela, urte ilunenetan, etengabe eta konpromisoz". Aitzitik, esan du gaur martxoaren 3a "topagune" bihurtu dela, eta denek nahi dutela "argazkian atera". "Ez da beti horrela izan, badakigu eta badakizue", adierazi du. Kolektiboak kritikatu duenez, "erakundeak hamarkadetako atzerapanerekin iritsi dira". "Oso berandu eta egiteko askorekin, baina hobe da berandu inoiz ez baino", gaineratu du, elizan oroimenerako gune bat sortzeko egungo "erronka partekatua" dutela gogorarazteko.

Elkarteak esan du ez duela aukera alferrik galduko bere historia kontatzeko, "1976koa, baina baita inpunitatearen aurkako mende erdiko bide luze honetakoa ere". "Honaino iritsi bagara eta aurrera egiten jarraituko badugu, zalantzarik gabe Gasteizko herriaren oroimenak bizirik jarraitzea lortu dutenengatik da", adierazi du.

Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak eskertu egin du Bloody Sunday Trust Irlandako plataformak, 1972an Derryn Poliziak hildako 14 lagunen omenez sortutako plataformak, eman dion "bozgorailua". Bloody Sundayk lortu zuen bere garaian Erresuma Batuko Gobernuak bere gain hartzea sarraskiaren erantzukizuna.

Ekitaldian izan dira erakundeetako ordezkariak, tartean Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburua eta Alberto Alonso Gogora Institutuko zuzendaria, eta baita Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko burua eta PSE-EE, EAJ eta Elkarrekin alderdietako ordezkariak ere.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X