Iranek Khameneiren heriotza baieztatu, eta operazio militar handia agindu du mendekatzeko
Ia 40 urtez agintean egon ostean, Pezexkian presidentea buru duen kontseilu baten esku geratuko da boterea, eta Alireza Arafi izango da jarduneko aiatola. Trumpek uste du orain bide diplomatikoa errazagoa dela, baina ohartarazi duenez, Iranek hitza betez gero, "sekula ikusi gabeko indarrarekin" erantzungo du.
Iranek Ali Khamenei aiatolaren heriotza baieztatu du igande honetan, eta zigor "gogor" batekin mendekatuko dela agindu du, AEBren eta Israelen aurka egingo duen operazio militar handi bati erreferentzia eginez.
"Gure lider handia galdu dugu, eta negar egiten dugu (...) Terrorista beldurgarrienen eta gizateriaren suntsitzaileen eskuetan egindako martirioak agerian uzten du bere bertutea", esan du Irango Guardia Iraultzaileak ohar batean.
Israelek eta AEBk egindako erasoetan 86 urteko agintari gorena hil dutela baieztatu du eliteko talde militarrak. Guardia Iraultzaileak adierazi duenez, Irango nazioak mendekua hartuko du, eta "ez ditugu hiltzaileak bakean utziko, zigor gogor, erabakigarri eta mingarri bati aurre egin arte". Donald Trump AEBko presidentearen hitzetan, Iranek hitza betetzen badu, "sekula ikusi gabeko indarrarekin" erantzungo du.
Estatuko telebistako aurkezle batek, heriotzaren berri eman ostean, herrialdean 40 dolu egun ezarri dituztela adierazi du.
Khameneirekin batera, Mohamad Pakpur jenerala eta Ali Shamkhani Defentsa Kontseiluko idazkaria hil direla baieztatu du Iranek igande honetan, Press TV telebista-kateak jakitera eman duenez.
Ali Shamkhani, Khameneiren aholkularia, Irango defentsarako estrategiaren arkitektoa izan zen, Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkari gisa (2013-2023).
Irango buruzagi gorenaren alaba, suhia eta biloba ere hil dira AEBk eta Israelek Irango Islamiar Errepublikaren aurka larunbat goizean egindako erasoetan.
Gainera, Irango agintarien azken balantzearen arabera, 148 neskato hil dira Israelek larunbat honetan Iran hegoaldeko Hormozgan probintziako eskola baten aurka egindako bonbardaketaren ondorioz.
Israelek iragarri du 40 bat goi kargudun hil dituela, eta bere erasoak erakundeak eta ministerioak dauden tokietara mugatu dituela.
CIAk lagunduta egin zion eraso Israelek Khameneiri
Hilabeteak zeramatzan CIAk Khamenei zelatatzen, eta berak jakinarazi zion Israeli Irango buruzagiak atzo bilera zeukala. Hain zuzen ere, non eta zer ordutan bilduko ziren esan zion, The New York Times egunkariak gaur zabaldu duenez.
Hasiera batean, AEBren eta Israelen asmoa zen Teherango erasoa gauez egitea, baina planak atzeratu zituzten CIAk bilera horren berri izan zuenean.
Pezexkian, trantsizioaren hasieran
Donald Trump AEBko presidenteak ordu batzuk lehenago iragarri du Khamenei hil dela. Khamenei 1989tik izan da Irango buruzagi nagusia, eta Trumpek herria "berreskuratzeko" deia egin die irandarrei.
Masud Pezexkian presidenteak, Golam Hossein Mohseni-Ejei Irango Botere Judizialaren buruak eta Zaindarien Kontseiluko legelari batek, Alireza Arafi aiatolak, osatuko duten kontseilu batek hartuko du orain nazioaren lidergoa.
Khamenei hil ostean, hiru pertsona horiek hartuko dute "trantsizio aldia" gidatzeko ardura, IRNA agentziak igande honetan jakitera eman duenez.
Herritar batzuk, Teheranen Khameneiren heriotza ospatzen.
Trumpek esan du Khamenei aiatolaren heriotzak konponbide diplomatiko baterako bidea erraztu dezakeela. "Orain egun bat baino askoz errazagoa da, jakina", adierazi du CBSri eskainitako elkarrizketa batean.
Bestalde, Reza Pahlavi Iraultza Islamikoak 1979an kargutik kendu zuen Irango xahren seme nagusi eta oinordekoak The Washington Post egunkarian argitaratutako editorial batean adierazi duenez, Irango trantsizio-prozesuan paper garrantzitsua izan nahi du.
Irango presidentea jendaurrean azaldu da
Irango presidente Masud Pezexkian jendaurrean agertu da gaur, AEBk eta Israelek Irani eraso egin ostean.
Tokiko telebista katean, doluminak agertu dizkie irandar guztiei Khameneiren heriotzagatik, eta "Iranentzat zorigaitza" izan dela esan du.
Pezexkianen hitzetan, Indar Armatuek "gogor" eutsiko diete erasoei, dela AEBri erantzunez, dela Israelgo helburuei eraso eginez.
Eraso oldea
Israelgo Armadak igande honetan iragarri duenez, Teheran "Irango bihotzaren aurkako" eraso oldea abiatu du atzo, larunbata, AEBrekin batera operazioa abiatu zutenetik lehen aldiz.
"Lehen aldiz, Israelgo Armada Irango erregimen terroristaren helburuei eraso egiten ari da Teheranen bihotzean, Inteligentzia Zuzendaritzaren gidaritzapean", iragarri dute militarrek sare sozialetan.
Iranek misilak eta droneak jaurtiz erantzun die AEBren eta Israelen erasoei. Tel Aviv eta Jerusalem hirien aurkako erasoak egiteaz gain, Arabiar Emirerri Batuak, Qatar, Bahrain eta Kuwait estatuetan ere egin ditu erasoak, AEBren aliatuak direlako eta Mendebaldeko potentzien base militarrak dituztelako.
Guztira, gutxienez bederatzi lagun hil dituzte Israel erdigunean egindako erasoetan, eta 28 pertsona zauritu dituzte, tartean bi larri. Zaurituetako bat lau urteko umetxo bat da.
"Gerra santurako" deia
Naser Makarem Shirazi aiatola handiaren esanetan, "Irango herria eta mundu islamiarra dira Iraultzaren buruzagi martiriaren odolaren mendekatzaileak".
Horren inguruan erantsi duenaren arabera, "krimen horren erantzule nagusiak AEB eta erregimen sionista dira, eta mendeku hori munduko musulman guztien betebehar erlijiosoa da, kriminal horien gaitza desagerrarazi arte".
Londresek salatu du misilak jaurti dituztela bere baseetara
John Healey Erresuma Batuko Defentsa ministroak baieztatu duenez, Erresuma Batuko Armadak bi misil irandar identifikatu ditu Zipreko baseetara "bidean", baina oraingoz baztertu egin du nahita egindako erasoa izan denik.
"Nahiko ziur dakigu ez zutela gure baseen aurka egin nahi", adierazi du Healeyk. Hala ere, AEBren eta Israelen eraso masiboen osteko tentsio gorakadaren isla argia dela adierazi du: "Mehatxua benetakoa eta gero eta handiagoa da".
Europako Atzerri ministroen bilera
Gaur arratsaldean ezohiko bilera egingo dute EBko Atzerri ministroek, egoera aztertzeko. Asmo nagusia da gerra ekintzak gelditzeko eta negoziazioa bideratzeko neurriak adostea.
Iranen aurkako erasoa
EBk eta nazioarteko agintariek lasaitasuna eskatu dute Iranen aurkako erasoen ostean
Kaja Kallasen hitzetan, Teheran “mehatxu larria da munduko segurtasunarentzat”, eta Sanchezek tentsioa apaltzeko eta elkarrizketei ekiteko eskatu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Ukrainan su-etena ezartzearen aurka egin du Putinek: "Bakea negoziatzeko ez dira zertan eraso militarrak eten behar"
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gutun irekia igorri dio gaur Putini, proposamen zehatz batekin. Bi mandatariak aurrez aurre elkartzea nahi du buruzagi ukrainarrak, gerrari amaiera emango dion bake-akordioa adosteko.
NBEko giza eskubideen buruak migrazio politika berria "berriz aztertzeko" eskatu dio EBri
Volker Türk goi-komisarioak adierazi duenez, arau berriek nazioarteko legeak eta EBkoak errespetatu behar dituzte, "migrazioaren kudeaketa justu, iraunkor eta giza eskubideekin duten konpromisoa islatuz".
Ukrainak 350 drone baino gehiago jaurti ditu Errusiara; tartean, Mosku eta San Petersburgora
Bezperan, Errusiako Armadak Ukrainako hainbat hiriren kontra egindako erasoetan gutxienez 21 pertsona hil eta ehun lagun baino gehiago zauritu ziren.
Trumpek agindu exekutibo bat sinatu du paperik gabeko migratzaileei finantza-sistemarako sarbidea mugatzeko
Presidente errepublikanoaren arabera, banku-sistema nazionaletarako sarbidea "herrialdean egoteko eskubide legala dutenek soilik izan behar dute", eta "legezko merkataritzan aritzen direnek".
Errusiak Ukrainaren aurkako eraso “masiboa” egin du, eta gutxienez hogei bat hildako eta ehun zauritu baino gehiago utzi ditu
"Kieveko erregimenaren eraso terroristei emandako erantzun" gisa deskribatu du bonbardaketa Moskuk.
Trumpek Netanyahuren aurka egin du Libanoren kontrako erasoengatik: "Zoratuta zaude"
AEBko presidentearen arabera, Irango gerrari amaiera ematea eta Ormuzko itsasartea irekitzea ahalbidetzeko akordiorako aukera egon daiteke datorren astean. Aitzitik, Teheranek iragarri du Washingtonekiko elkarrizketak eten egin dituela.
Trumpek iragarri du Israelek ez diola eraso egingo Libanori ezta Hezbollah-k Israeli ere
"Israelgo Netanyahu lehen ministroarekin oso dei emankorra izan dut, ez du Beirutera troparik bidaliko, eta bidean zeudenak bueltan dira", azaldu du Trumpek sare sozialetan argitaratutako mezu batean. Hezbollah-k ere ez duela erasorik egingo esan du.
Iranek adierazi du Libano su-eten akordioaren parte dela, eta Israelen erasoek ondorioak izango dituztela ohartarazi du
Su-etena ezarrita dagoen arren, Israelek erasoak areagotu ditu Libanon. Azken orduotan, Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrak Armadari agindu dio Beirut inguruan dagoen Dahieh eskualdea bonbardatzeko, Hezbollahren gotorleku delakoan.
Hildako bat, dozenaka zauritu, 900 atxilotu inguru eta 178 agente kolpatu, PSGren garaipenaren osteko istiluetan
Barne ministroak azaldu duenez, iaz baino % 45 atxiloketa gehiago egin ziren; izan ere, istiluak egongo zirelakoan, polizia dispositibo handia zabaldu zen herrialde osoan. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esan du "nazkatuta" dagoela "indarkeria eszena onartezinez".
Kolonbiako ultraeskuinak irabazi du lehen itzulia, eta ezkerrak zalantzan jarri du zenbaketa sistema informatikoa
Abelardo de la Espirella ultraeskuindarrak ezkerra aurreratu du igande honetan Kolonbiako hauteskundeen lehen itzulian. Ekainaren 21ean izango da bigarren itzulia eta aurrez aurre izango du Ivan Cepeda ezkerreko hautagaia.