Hiru adingabe atxilotu dituzte Gasteizen, bi gazteri eraso eta irain homofoboak egiteagatik
Biktimek agenteei jakinarazi diete hiru mutil hurbildu zaizkiela, lurrera bota dituztela eta hainbat ukabilkada eta ostikada eman dizkietela. Homosexualak izateagatik iraindu ere egin dituzte.
Aldabe gizarte etxetik gertu izan da erasoa
Ertzaintzak hiru adingabe atxilotu ditu gaur Gasteizen —17 urteko bi eta 16 urteko bat— bi mutili eraso egitea egotzita. Gainera, irain homofoboak egin dizkiete jipoitzen zituzten bitartean.
Ertzaintzaren arabera, 06:00ak aldera, hainbat agente joan dira Gasteizko Alde Zaharrera, eraso bat jasan duten bi lagunen abisua jaso ostean.
Biktimek agenteei jakinarazi diete hiru mutil hurbildu zaizkiela, lurrera bota dituztela eta hainbat ukabilkada eta ostikada eman dizkietela.
Horien hitzetan, jotzen aritu direnean iraindu ere egin dituzte "homosexualak izateagatik".
Minutu batzuk geroago, ustezko hiru erasotzaileak aurkitu eta atxilotu dituzte. 17 urteko bi mutil eta 16 urteko bat dira.
Atxilotuak Adingabeen Fiskaltzaren esku utziko dituzte polizia-eginbideak amaitutakoan.