Eusko Jaurlaritzak 271 milioiko inbertsioa egingo du hezkuntza sistemaren eraldaketa digitala bultzatzeko
ADIMEN DIGITALA estrategiak software librean oinarritutako hezkuntza-plataforma propioa ahalbidetuko du, irakasleen prestakuntza digitala indartuko du eta euskarazko hezkuntza-edukiak sustatuko ditu.
Eusko Jaurlaritzak ADIMEN DIGITALA plana (2025/2029 Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana) aurkeztu du, datozen urteetan EAEko hezkuntzaren digitalizazioa gidatuko duen estrategia. Haur, Lehen, Bigarren, Batxilergo eta Lanbide Heziketako 600 bat zuzendariren aurrean eman du gaur proiektuaren berri.
Ekimenak 271,6 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du 2029ra arte, eta hezkuntza-sistema gizarte digitalizatura egokitu nahi du, teknologiaren erabileran berdintasuna, segurtasuna eta ongizatea bermatzeko.
Aurkezpenean, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak azpimarratu du digitalizazio prozesuaren oinarria pertsonak eta ikaskuntza izan behar direla. "Teknologia ez da helburua, ikaskuntza hobetzeko, aukera berdintasuna indartzeko eta euskal gazteak XXI. mendeko erronketarako prestatzeko tresna baizik", adierazi du.
Planaren neurri nagusien artean, nabarmentzekoa da software librean oinarritutako hezkuntza-plataforma propioaren sorkuntza, IRADI izenekoa. Gainera, irakasleek prestakuntza teknopedagogikoa jaso dezatela indartuko da, eta euskarazko hezkuntza baliabide irekien eta eduki digitalen bidez garatzea sustatuko da.
Estrategiaren helburua da, halaber, gaitasun digital sendoak eta teknologiaren erabilera arduratsuari buruzko kontzientzia handiagoa dituen hezkuntza-komunitatea sendotzea. Ildo horretan, Pedrosak adierazi du aurrera egin nahi dutela "etorkizunerako prest dagoen hezkuntza berritzaile eta inklusibo baterantz".
Planak sei printzipio hartu ditu oinarri hezkuntza-sistemaren eraldaketa digitala bideratzeko, besteak beste, berdintasun digitala, hezkuntza hibridoa eta malgua, subiranotasun teknologikoa eta tresna digitalen erabilera osasungarria.
Sailburuak azpimarratu du, gainera, dokumentua aldaketa teknologikoetara eta hezkuntzakoetara egokitzeko asmoz sortu dela: "ADIMEN DIGITALA ez da dokumentu itxia, estrategia bizia da, garatzen joango da, eta proiektu eta ekimen berriak txertatzen joango da, sortzen diren erronkei erantzuteko".
Testuinguru horretan, Pedrosak zuzenean inplikatu nahi izan ditu ikastetxeak eraldaketa prozesuan. "Eraldaketa hori ikasgeletan gertatzen da. Horregatik, entzun nahi dizuegu eta irakasleen eta hezkuntza taldeen esperientzia izan nahi dugu", adierazi du.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera