Nor da Bermeoko portuko argazkiko neska? Hibai Agorria argazkilariak Madrilen aurkitu du erantzuna
Madrilgo zakarrontzi batean agertutako argazki negatibo batzuek Urdaibai, Elorrio eta Madril arteko istorio eder bat berreskuratzea ahalbidetu dute.
Bermeoko portuko neskatila nor den argitu da
Madrilgo zakarrontzi batean aurkitutako argazkien negatibo zahar batzuek istorio eder bat azaleratu berri dute. Istorioa osatzeko, baina, 16 urte behar izan dira, 2010ean dokumentuak agertu zirenetik ezinezkoa izan baita protagonista identifikatzea. Azkenean izena jarri diote: Elena deitzen da. Negatibo horietan Urdaibai inguruan agertzen bada ere, Madrilen bizi izan da beti. Eta argazkietako neskatila 80 urteko emakume bat da gaur egun.
Istorioak hiru tokitan ditu hari-muturrak: Madrilen, Urdaibain eta Elorrion. Eta hariak hiru momentu lotzen ditu: 1954, 2010 eta 2026.
Aurkikuntza Madrilen
Duela 16 urte, Madrilgo Rastro inguruan gertatutako kasualitate batek istorio honetako piezak elkartzea ahalbidetu du, Hibai Agorria argazkilari gernikarrak azaldu duenez. “Dani Asua Madrilen bizi zen orduan. Rastro inguruko zakarrontzi batean, ehundik gora argazki negatibo zituen kutxa bat aurkitu zuen. Haiek arakatzean, iruditu zitzaion argazki batzuk bere herrian, Gernikan, aterata zeudela”.
Negatibo horiek Asuaren etxeko kaxoi batean geratu ziren zenbait urtez, harik eta duela sei urte Agorriari kontatu zion arte. Hark eskaneatu eta errebelatu zituen. Beste garai bateko argazki-sorta zoragarria osatzen zuten: Gernikan, Sukarrietan, Mundakan, Bermeon edo Elorrion ateratako irudi ederrak.
Hilabeteetan, baita urteetan ere, Asua eta Agorria saiatu ziren argazkietako familiaren arrastoa aurkitzen. Ate asko jo zituzten, eta tokiko historialariekin ere hitz egin zuten. Alferrikakoa izan zen.
“Orduan, pentsatu genuen interesgarria izan zitekeela Gernikako herriak bilaketa honetan parte hartzea. Erakusketa bat antolatu genuen irudiekin”, azaldu du Agorriak. ‘Non ote zaude’ izena jarri zioten, eta urtarrilean abiatu zen, Gernikako Kultur Etxean.
Erakusketako irudi nagusia Bermeoko portuan agertzen zen neskatila baten argazkia zen. Bildumako erretratu askotan agertzen zen bera, eta erakusketak oihartzun handia izan zuen. Nazioarteko hedabideetan ere jaso zuten bilaketaren berri.
“160 argazkietatik asko Elorrion aterata zeuden, pistak handik etor zitezkeelakoan geunden. Inauguraziora Elorrioko neska bat etorri zen, eta erakusketako irudiei argazkiak atera zizkien. Gero, bere irudiak Elorriora eraman zituen. Hilabete baten buruan, handik deia jaso genuen. Norbaitek familia identifikatu zuen, eta ordutik aurrera protagonistarekin harremanetan jartzea besterik ez zen falta”, azaldu du Agorriak.
Carmenen testigantza
Hor, ezinbestekoa izan zen pertsona bat agertu zen, Carmen. Elorriokoa da eta gaur egun Bilbon bizi da. Bermeoko portuko neskatilaren lehengusina zela azaldu zien Agorria eta Asuari. Eta horrela, izena jarri zioten neskatilari: Elena. Madrilen bizi zela ere jakin zuten, eta 80 urte dituela.
Elena beti bizi izan da Madrilen, baina 50ko hamarkadako udatan Elorriora joaten zen bere familia bisitatzera. “Elorriora joaten ziren, eta kostaldera bisitak egiteko aprobetxatzen zuten. Uda haietako argazkiak dira. Inoiz ez ziren inprimatu, negatiboetan geratu baitziren”, azaldu du Hibai Agorriak.
Kasualitate bitxi batez, Elenak gordeta zituen oroitzapen horien arrasto fisikoa agertu zen, 70 urte geroago.
Galdera bat, baina, erantzun gabe zegoen artean: zergatik agertu ziren negatibo horiek Madrilgo zakarrontzi batean 2010ean? Hori ere argitu zuen Agorriak: “Argazkien egilea, aitona, negatiboak agertu ziren garaian hil zen. Hil ostean, familiak etxea garbitu eta kaxa batzuk botatzea erabaki zuen, tartean negatibo horiek”.
Bota zituzten egun berean Dani Asua zakarrontzi horren albotik pasa zen, eta jakinmina piztu zitzaion. Tartean, bere herria igarri zuen negatiboen artean, era lausoan.
Orain, artxiboa Elenaren familiaren esku dago berriz ere. Hunkituta daude, eta harriduraz jaso dute beren istorioak izan duen oihartzun. Hibai Agorria Madrilera joango da laster. Bermeoko portuko neskatila izan zen Elena eta bere familia ezagutu eta haien negatiboak itzultzera.
Zure interesekoa izan daiteke
COIk debekatu egin die trans emakumeei emakumeen kategorietan lehiatzea
SRY genearen detekzioan oinarritutako neurria 2028an sartuko da indarrean Los Angelesen, atzerako eraginik gabe.
Osakidetzak pertsona transexualentzako lehen mailako arreta zerbitzuak zabalduko ditu EAEko hiru hiriburuetan
Gauzak ondo bidean, maiatzetik aurrera jarriko da abian zerbitzua. Osakidetzaren zuzendariak adierazi duenez, helburua da pertsona transexualei errespetuzko eta gertuagoko arreta ematea.
Legebiltzarrak onartu egin du udalekuetan adin txikikoen babesa indartzeko Legea izapidetzea
EH Bilduk eta Sumarrek, neurriak babestu arren, prozedura kritikatu dute, eta PPk eta Voxek erreforma egitea "zuriketa hutsa" dela esan dute.
Noelia eutanasia eskatu zuen Bartzelonako gazteak gaur jasoko du, epaileak onartu ostean
25 urteko emakumeak bere erabakiari eutsi dio, nahiz eta aita aurka agertu, Espainian legezko bide guztiak agortuta eta Giza Eskubideen Europako Auzitegira jota.
Meta eta Google, 2,6 milioi euro ordaintzera behartuta, gazte bati eragindako menpekotasunagatik
Antsietatea, depresioa edo gorputz-dismorfia dira gazteak pairatutako kalteetako batzuk. “Haurrak mendeko egiten dituzten eta osasungaitzak diren produktuak diseinatzen dituzte”, adierazi du abokatuak.
Hondarribiak gaur onartuko du bere II. Berdintasun Plana, eta Alardearen auzia bideratzeko neurriak jasoko ditu
Planak “emakumeen eskubideen defentsan jasandako indarkeria aitortzeko formulak" bilduko ditu.
Albiste izango dira: Korrika zuzenean, krisi energetikoaren aurkako neurriak eta hauteskunde sindikalak Ertzaintzan
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Ikerbasquek 30 ikertzaile erakarri eta 49 milioi euro baino gehiago bildu zituen 2025ean ikerketarako funtsetan
Urtearen amaierarako, 35 herrialdetako 417 profesional zeuden, eta 1.685 lagunek fundazioko langileek gidatutako taldeetan lan egiten zuten.
Kasua artxibatu ostean, Justizian sinestea zaila egiten zaiela adierazi du Amaya Zabarteren senarrak
Epaileak Amaya Zabarteren kasua artxibatzea erabaki zuen atzo, eta familiak helegitea jarri du gaur. Haren bikotekideak, Joseba Novoak, haserre eta minduta daudela dio. Deitoratu du epaileak ertzainen bertsioa soilik izan duela kontuan, lekukoen testigantzak eta frogak alde batera utzita. Probintzia Auzitegira begira itxaropentsu dago, justizia kasua hara heldutakoan iritsiko zaielakoan.