Legebiltzarrak onartu egin du udalekuetan adin txikikoen babesa indartzeko Legea izapidetzea
EH Bilduk eta Sumarrek, neurriak babestu arren, prozedura kritikatu dute, eta PPk eta Voxek erreforma egitea "zuriketa hutsa" dela esan dute.
Legebiltzarrak onartu egin du EAJk eta PSE-EEk proposatutako Gazteriaren Legearen erreforma aintzat hartzea, aisialdiko jardueretan adingabeen babesa indartzeko. PP eta Vox izan dira aurkako boza eman duten bakarrak.
Bernedoko udalekuen harira polemika izan ostean, eta adin txikikoen udalekuak zorrotzago kontrolatzeko asmoz, Gazteria Legearen erreforma erregistratu zuten EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean.
Ostegun honetan onartutakoaren arabera, aurrerantzean udalekuen antolatzaileek erantzukizun adierazpena aurkeztu beharko dute jarduera egingo den lurralde historikoari dagokion foru aldundiaren aurrean.
Gainera, aire zabalean kanpatuz gero, dagokion udalaren edo administrazio-batzarraren oniritzi txostena eduki beharko dute, baita lur-jabearen baimena ere. Horrez gain, aisialdiko jardueretan, adingabeekin harremana duten langileek sexu-deliturik egin ez dutela egiaztetazen duen ziurtagiria izan beharko dute, eta urtero berritu beharko da.
Arau-hausteak
Lege-proposamenak jasotzen duenez, haurren eta gazteen aisialdiko jardueretan arau-hauste larritzat joko da adingabeek tutoreen baimenik gabe udalekuan parte hartzea, bai eta Sexu Delitugileen eta Gizakien Trafikoaren Erregistro Nagusiaren ziurtagirik ez duen langilerik udalekuan izatea. Indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta indarkeria matxista sustatzen duen edozein ekintza ere arau-hauste larritzat joko da.
Ander Añibarro EAJren legebiltzarkideak azaldu duenez, "esperientziak erakusten duenean aldatu beharreko alderdiak daudela", erakundeek jardun beharra dute. Halaber, EH Bilduri aurpegiratu dio erreforma tramitatzeari uko egitea.
Itxaso Asensio PSE-EEren legebiltzarkideak gogorazi du Gazteriaren Legea orain "lau urte eskas" onartu bazen ere, "premiazko aldaketa" egin behar zela, Bernedon gertatutakoari erreferentzia eginez.
Nerea Kortajarenak (EH Bildu) EAJren kritikei erantzun die, eta adierazi du Gazteriaren Legea 2022an onartu zela, baina lau urte hauetan Eusko Jaurlaritzak "ez dituela etxeko lanak egin".
Sumarreko Jon Hernandezek bat egin du adingabeen babesa indartzeko beharrarekin, baina erreforma hori ohiko prozeduraren bidez izapidetu behar zela iritzi dio, taldeek "proposamenak" eta "hobekuntzak" egin ahal izateko.
Laura Garrido PPren Legebiltzarreko bozeramaileak EAJri eta PSEri leporatu die ekimena aurkeztea erakundeak "zuritzeko", eta Amaia Martinez Voxen ordezkariak esan du erreformak ez duela "ezer konponduko”.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera