HEZKUNTZA ESTATISTIKA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Aurreko urtean baino 6.700 haur gutxiago matrikulatu ziren 2024-25 ikasturtean Haur eta Lehen Hezkuntzan

Eustaten inkestaren arabera, nabarmen ugaritu dira Lanbide Heziketako matrikulazioak, aurreko ikasturtean baino 2.842 lagun gehiago matrikulatu baitziren, % 6,1 gehiago, beraz, azken hamabost urteko hazkunderik handiena.

HAURRAK NIÑOS UMEAK COLEGIO ESKOLA IKASTOLA ITURRIA: IREKIA

Neskato bat, ikasgelan, jolasean. Argazkia: Irekia.

2024-25 ikasturtean % 4 eta % 3,1 jaitsi ziren, hurrenez hurren, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako matrikulazioen kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoan. Hortaz, orotara, 6.752 ikasle gutxiago izan dira, eta horrek agerian uzten du azken urteetako matrikulazio-beherakadaren joera. 

Eustat Euskadiko Estatistika Institutuaren azken inkestaren arabera, unibertsitatez kanpoko hezkuntza arautuan 404.637 lagun matrikulatu ziren pasa den ikasturtean, aurrekoan baino % 0,2 gutxiago. 

Halaber, nabarmen ugaritu dira Lanbide Heziketako matrikulazioak, aurreko ikasturtean baino 2.842 lagun gehiago matrikulatu baitziren, % 6,1 gehiago, beraz, azken hamabost urteko hazkunderik handiena.

Estatistikaren arabera, 33.000tik gora lagun matrikulatu ziren Batxilergoan, eta ia 50.000, Lanbide Heziketako mailaren batean. 

Lanbide Heziketan, gizonak gehiago

Batxilergoan ez da alde nabarmenik nabari gizon eta emakume kopuruei begiratuta, % 52,2 dira emakumeak eta, beraz, parekidea da banaketa. Aldiz, Lanbide Heziketan gehiengo dira gizonezkoak (% 64,4) eta bereziki nabarmena da arrakala hori oinarrizko mailetan (% 72,3). 

Aurreko ikasturteetan bezala, datuek agerian uzten dute Batxilergo mota aukeratzeko batzuek eta besteek bide desberdinak hautatzen dituztela. 

Esaterako, Batxilergo artistikoko lau matrikulatatik hiru emakumezkoenak izan ziren, eta emakumeak gehiengo dira Giza Zientzietan ere (% 58,2). 

Aldiz, Batxilergo orokorrean % 59,8 gizonezkoak izan ziren. Zientzia eta Teknologiako batxilergoan baino ez da izan genero arteko oreka. 

Lanbide Heziketari dagokionez, zaintzaren eta estetikaren arloko ikasketetan emakumeak dira gehiengo. Irudi Pertsonaleko, Zerbitzu Soziokulturaletako eta Komunitateko eta Osasuneko irakaskuntzetan emakumeen parte-hartzea % 76tik gorakoa izan zen.

Aldiz, izaera tekniko eta industriala dutenak maskulinizatuagoak izan ziren. Garraio eta Ibilgailuen Mantentze Lanak, Instalazio eta Mantentze Lanak, Itsas Arrantza, Elektrizitatea eta Elektronika, Energia eta Ura eta Fabrikazio Mekanikoan, adibidez, 10etik bat baino gutxiago ziren emakumezkoak.

formacion-profesional lanbide heziketa CIFP Easo Politeknikoa irekia

Ikasleen % 12,2 atzerritarrak dira

Ikasleen jatorriari dagokionez, 2024-25 ikasturtean Espainiako nazionalitatea ez zuten 45.775 pertsona matrikulatu ziren araubide orokorreko ikastetxeetan Euskadin, guztien % 12,2.

Hezkuntza-mailan aurrera egin ahala behera egin zuen atzerriko ikasleen kopuruak. Lehen Hezkuntzan matrikulen % 12,9 espainiarra ez beste nazionalitate bat zuten ikasleenak izan ziren. 

Ehuneko hori zerbait baxuagoa izan zen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (% 10) eta Batxilergoan (% 4,7).

Lanbide Heziketaz kanpoko irakaskuntzetan, espainiar nazionalitaterik ez zuten ikasleen proportzioa handiagoa izan zen ikastetxe publikoetan. Ikastetxe pribatuetan ez da inongo kasutan % 10era iritsi espainiarra ez den nazionalitateetako ikasleen zatia. 

Aldiz, oinarrizko Lanbide Heziketan eta erdi-mailakoan, ikastetxe pribatuek beste nazionalitate batzuetako ikasle gehiago izan zituzten publikoek baino.

D eredua da nagusi

Euskal hezkuntza-sistemaren hizkuntza-egoera egonkorra da, aurreko ikasturteekin alderatuta, eta D ereduak goranzko joera txiki bat izan zuen.

Araubide orokorreko ikastetxe guztietan, eredu hori izan zen nagusi. Ikasleen % 71,2k ikasi zuten D ereduan, % 15,8k, B ereduan eta % 13k, A ereduan.

Lanbide Heziketan, ikasleen erdiek baino gehiagok (% 55,3) prestakuntza gaztelaniaz egitea erabaki zuten; maila akademikoak gora egin ahala, euskararen presentzia areagotu egin zen. 

Joan den ikasturtean, Eusko Jaurlaritzak 71,9 milioi euro bideratu zituen ikasketetarako beka eta laguntzetara, aurreko ikasturtean baino 5,3 milioi gehiago, hau da, % 8 gehiago.

113.520 lagunek jaso ziztuzten laguntzok, matrikulatutako guztien ia herena, eta ikasle bakoitzak, batez beste, 634 euro jaso zituen.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X