Arratsaldean abiatuko da irteera operazioa: autoa hartzeko ordu onenak kontsultagai, hemen
Aste Santuko Trafiko Operazio Berezia apirilaren 1ean jarriko dute abian, 15:00etan, eta apirilaren 6ko 21:00ak arte egongo da indarrean. Azken egun horretan, Itzuliaren hasierak are gehiago korapilatuko du errepideetako egoera. Aurreikusi dutenez, 540.000 joan-etorri izango dira Aste Santuan.
Horregatik, zuhur ibiltzeko eskatu zuen Olabarrik, eta hainbat gomendio eman ditu, istripuak saiheste aldera. Edozein bidaia egin aurretik, errepideen gaineko informazioa bilatzeko galdegin du, bai eta trafiko arauak errespetatzeko eta bidean arretaz gidatzeko ere.
Trafiko Operazio Berezia
Ertzaintzaren 200 bat agente arituko dira, zaintza eta kontrol lanak egiten. Zirkulazio arazo larrienak puntu hauetan izango dira:
- A-8 autobidea, Kantabriarekiko mugan.
- AP-8 autobidea, Biriatun.
- AP-1 eta A-1 errepideen arteko lotunea, Armiñonen.
A-8an, Kantabriako mugan, auto ilara handiak sortu ohi dira Ostegun Santu bezperan, alegia, asteazkenean, 15:00etatik 21:00etara, baita ostegunean bertan ere, 09:00etatik 15:00etara. Itzuleran, astelehena izan ohi da egunik korapilatsuena, 13:00etatik 21:00etara.
AP-8an, Biriatun, Lapurdirako noranzkoan, auto ilarak sortu ohi dira asteazken arratsaldean (14:30etik 21:00etara) eta Ostegun Santu goizean (08:30etik 16:00etara) bereziki. Ostiralean, larunbatean nahiz astelehenean trafiko sarria egon ohi da, baita, Donostiarako noranzkoan.
A-1 eta AP-1 errepideen arteko lotunea, Armiñonen. Hirugarren puntu horretan asteazkeneko 15:00ak eta 20:00ak bitartean eta osteguneko 08:00ak eta 14:30 bitartean izaten dira zirkulazio arazo handienak.
Itzuleran, berriz, 12:00ak eta 22:00ak arteko tartean pilatzen dira ibilgailu gehien.
Aurten, gainera, apirilaren 6am, astelehenean, Itzulia hasiko da. Lehen etapa Bilbotik irten eta Bilbon amaituko da, eta gorabeherak eragingo ditu trafikoan. Bai Bizkaiko hiriburuan eta baita inguruetan ere trafiko etenak egongo dira, 12:45 eta 18:00ak bitartean.