Hilberria
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ramon Zallo EHUko katedradun, idazle eta artikulugilea hil da, 77 urte zituela

Lan askoren egile izan da Zallo. Ekonomiari, kulturari eta kultura- eta komunikazio-politikei buruzko artikulu ugari kaleratu ditu, baita kutsu soziopolitikokoak ere. Hamaika liburu argitaratu zituen, azkena 'Retrovisor y bisturí' (Alberdania, 2025), azken 60 urteei buruzko memoria kritikoko ariketa.
Ramon Zallo EHUko katedradun, idazle eta artikulugilea hil da, 77 urte zituela



REMITIDA / HANDOUT por EHU

Fotografía remitida a medios de comunicación exclusivamente para ilustrar la noticia a la que hace referencia la imagen, y citando la procedencia de la imagen en la firma

30/3/2026
Ramon Zallo. Argazkia: EHU.

Ramon Zallo Elgezabal hil da astelehen honetan, martxoaren 30ean, 77 urte zituela. Azken agurra asteartean egingo diote, martxoaren 31ean, 17:00etatik 19:00etara, Gernika-Lumoko (Bizkaia) Uribe tanatorioan, Euskal Herriko Unibertsitatetik (EHU) jakinarazi duenez.

Zallo Gernika-Lumon jaio zen, 1948an, eta, Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziaduna izateaz gain, Informazio Zientzietan doktorea zen. EHU sortu baino bi urte lehenago hasi zen irakasle Informazio Zientzietako Leioako Unitatean, 1978an. Ikus-entzunezko Komunikazioko katedradun izendatu zuten 1994an eta irakasle emeritu aritu zen 2019tik 2022ra arte.

Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko kidea izanik, Zallo komunikazioaren eta kulturaren industrien ikerketan aitzindaria izan zen. Zallok berak azaltzen zuenez, "lehenengo urte haietan, jarrera kritikoarekin, soziologia funtzionalista eta ekonomia mikroa gainditu behar izan ziren, ikuspegi teoriko, egiturazko, geografiko eta sektorial bat emateko eta, hala, komunikazioaren eta kulturaren ekonomia bat formalizatu, egiturak, eragileak eta fluxuak nabarmenduz, ekonomiak eta merkataritzak kulturaren eta digitalen munduan duten lekua argitzen saiatzeko".

Lan askoren egile izan da Zallo. Ekonomiari, kulturari eta kultura- eta komunikazio-politikei buruzko artikulu ugari kaleratu ditu, baita kutsu soziopolitikokoak ere. Hamaika liburu argitaratu zituen, azkena 'Retrovisor y bisturí' (Alberdania, 2025), azken 60 urteei buruzko memoria kritikoko ariketa. Beste lan kolektibo askoren zuzendaria edo zuzendarikidea izan da.

Kudeaketa publikoa

Kudeaketa publikoaren esparruan, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuaren aholkularia izan zen komunikazio, ikus-entzunezko eta kulturaren arloan 2002tik 2009ra arteko legegintzaldietan. Kulturaren Euskal Planaren (2004-2015) eta Kulturaren II. Euskal Planerako Orientabideen (2009-2012) egile nagusia izan zen.

Euskadiko Ikus-entzunezkoen Liburu Zurian parte hartu zuen (2003) -hortik sortu zen EIKEN klusterra-, baita Kulturaren Euskal Behatokia martxan jartzean (2006), irratiko FMaren eta Tokiko Telebista Digitalaren inguruko euskal legedia prestatzen, komunikazioari eta Ikus-entzunezkoen Kontseiluari buruzko lege-proiektua prestatzen eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikus-entzunezkoen finantzaketari buruzko dekretua osatzen. Gainera, EITBrekiko bi kontratu programatan aholkulari izan zen.

Zazpi urtez Komunikazioko Ikerketaren Espainiako Elkartearen Komunikazio Egitura eta Politiken Sailaren zuzendaria izan zen; elkarteak 2020an omendu zuen. Informazio, Komunikazio eta Kulturaren Ekonomia Politikoko Batasun Latinoko Espainiako ataleko presidentea ere izan zen. 2025eko azaroaren 5ean Euskal Kazetarien Elkartearen eta Kazetarien Euskal Elkargoaren ohorezko saria jaso zuen.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X