Parkinsonaren Munduko Eguna
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Argi izpiak parkinsonaren aurrean: 65 ikerketa proiektu Euskadin, 10.000 gaixori itxaropena emateko

Urtero mila kasu diagnostikatzen dira Osakidetzan, eta egun ohikoena den bigarren gaixotasun neurodegeneratiboa da, alzheimerraren ostean. 

Gaixotasun neurodegeneratiboetan espezializatutako Biobizkaiko ikertzaile taldea. Argazkia: Irekia

Parkinsonaren diagnostikoa ehunka familietara heltzen da urtero. Iaz, Osakidetzak 1.190 kasu diagnostikatu zituen, % 55 gizonezkoei eta % 45 emakumezkoei, eta egun 10.000 pertsona daude diagnostikatuta Euskadin, gehienak 55 urtetik gorakoak. Alzheimerraren ostean ohikoena den bigarren gaixotasun neurodegeneratiboa da gaur egun.

Egoera dramatiko honen aurrean, bada itxaropen izpirik. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, osasun ikerketa institutuen bidez, parkinsonean zentratutako 65 proiektu eta ikerketa kliniko garatzen ari da Osakidetzarentzat. Apirilaren 11n ospatzen den Parkinsonaren Nazioarteko Egunean, Osasun Sailak “detekzio goiztiarraren garrantzia eta paziente zein familien laguntza” nabarmendu ditu.

Diagnostikoa erretinaren bidez

Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, ikerketa lerro nagusietako batean erretina biomarkatzaile gisa erabiltzen dute, parkinsona goiz detektatzeko asmoz.

Horri esker, aldaketa neurodegeneratiboak antzeman daitezke irudi proba azkar eta ez-inbaditzaileen bidez. Begipark proiektuak erakutsi du aldaketa horiek gaixotasunaren bilakaera eta narriadura kognitiboaren arriskua aurreikusten lagun dezaketela.

Tresna digitalak eta adimen artifiziala

Euskadin, halaber, ikerketak “helburu du jomuga terapeutiko berriak identifikatzea eta terapia berriak diseinatu eta garatzea”. Horrela, Biobizkaia tresna digitalen eta adimen artifizialaren erabileran jartzen ari da arreta, parkinsonaren bilakaera hobeto ulertzeko eta medikuntza zehatzago eta pertsonalizatuago baterantz aurrera egiteko.

Bestalde, Bioaraba hesteetako mikrobiotaren papera eta biomarkatzaileei aplikatutako teknologia berriak ikertzen ari da. Biogipuzkoa, berriz, ikerketa eta praktika klinikoa uztartzen ari da gaixotasuna hobeto ulertzeko eta haren bilakaera aldatzeko gai diren terapiak garatzeko.

Parkinsonaren Nazioarteko Eguna dela eta, Biobizkaiak ‘Parkinson gaixotasunarekin bizitzea’ jardunaldia antolatu du apirilaren 20rako, pazienteei eta horien familiei zuzenduta, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko auditorioan, eta aurrerapenak, irtenbideak eta etorkizun hurbila aztertuko dituzte bertan.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X