EUSKO JAURLARITZA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Adinekoen Euskal Estrategiak lehen aldiz landuko du sexu aniztasuna

Adinekoen ongizate integrala sustatzeko, 16 proiektu biltzen ditu Jaurlaritzaren estrategia berriak. Horien artean, berritasunetako bat da Sexu Aniztasunaren eta Generoaren Estrategia, pertsona guztiek, adina edozein dela ere, beren sexualitateari dagokionez aske bizi daitezen.

NEREA MELGOSA ADINEKOAK ESTRATEGIA
2026-2029 Adinekoentzako Euskal Estrategiaren aurkezpena, gaur, Tabakaleran (Donostia).

"Adinekoei bizimodu osoa, autonomoa eta zentzuduna eskaintzea da, komunitate inklusiboak eta jasangarriak sustatuz, luzaroko bizia izango duen biztanleriaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko". Helburu hori du Eusko Jaurlaritzak prestatu duen Adinekoen 2026-2029 Euskal Estrategiak. Donostiako Tabakalera eraikinean aurkeztu dute plana, 100 bat eragileren aurrean, gaur goizean. Azaldu dutenez, adinekoen, erakunde publikoen eta adituen ekarpenekin ondutako estrategia da.

Aurkezpenean, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak adierazi du "estrategia berri honek adinekoen ongizate integrala bermatu" nahi duela. "Hau da, garapen osoa dimentsio fisiko, emozional eta sozialean. Hori guztia belaunaldien arteko elkartasunaren eta komunitate inklusiboen testuinguruan. Bizitza osoa autonomia, partaidetza eta bizi-zentzuko prozesu dinamiko gisa nabarmentzen da, eta belaunaldien arteko elkartasuna gizarte kohesionatu eta erantzukide baterako oinarri gisa", zehaztu du. 

Datuak ere eman dituzte agerraldian. Demografia joeren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen % 25,4k 65 urte edo gehiago dituzte, eta ehun urtekoen kopurua nabarmen handituko da 2038rako. Eustaten azken datuen arabera, bizi-itxaropena handitu egin da EAEn: emakumeena, 87 urtera arte, eta gizonena, 81,7 urtera arte. 

16 ekintza-lerro

Estrategiak 16 ekintza-lerro biltzen ditu, horietatik batzuk lehendik datoz eta beste batzuk berriak dira. Horien artean daude beti ON zerbitzua, Biziaria proiektua eta Bizihabi programa. 

Berritasun modura, lehen aldiz landuko da sexu aniztasunaren ikuspuntua, Sexu Aniztasunaren eta Generoaren Estrategia planaren bidez. Pertsona guztiek, adina edozein dela ere, beren sexualitatea modu askean bizi ahal izatea bilatu nahi da. 

Nahi ez den bakardadearen aurkako borrokan ere ekimen berriak garatzea aurreikusi da, hala nola Solelab eta Landa-eremuetako Bakardadearen aurkako Proiektua. Lehenengoa, "nahi ez den bakardadea neurtzeko tresna bat da, bizitzako etapa guztietan bakardadeari heltzeko programa espezifiko bat garatzeko proposamena. Bigarren proposamena, berriz, landa eremuetara dago zuzendua; "gizarte-zentroak erreferentzia gune komunitario gisa" egituratzea da asmoa, "kultura, aisia eta gizarte partaidetzako jarduerak uztartuz".

 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X