12 adingabe eraman dituzte Loiuko aireportutik ospitalera, gastroenteritis zantzuekin
Ikas bidaiaren ondoren Lanzarotera zihoan hegaldi batean sartzeko zain zeudela, okadak eta zorabio-sentsazioa izaten hasi dira. 11 eta 12 urte bitarteko haurrak ospitalean aztertu, eta alta eman diete guztiei.
Osakidetzaren hainbat anbulantzia, Loiuko aireportuan. Argazkia: Irekia
Lanzarotera zihoan hegaldi baten zain zeuden 12 adingabe artatu ditu Osakidetzak larunbat arratsaldean. Anbulantzian eraman dituzte Bilboko aireportutik Gurutzetako eta Basurtuko unibertsitate-ospitaleetara, horietako batzuk okadak eta zorabio-sentsazioa izan ondoren. Gastroenteritisarekin bateragarriak diren sintoma arinak izan dituzte.
Osasun Sailak jakitera eman duenez, adin txikikoek 11 eta 12 urte bitartean dituzte, eta aurretik antolatutako bidaia bateko kideak ziren. Hegazkinera igo aurreko itxaronaldian, horietako batzuk ondoezik sentitzen hasi dira, eta, ondorioz, Osakidetzaren larrialdietako anbulantzia zerbitzuak aktibatu dituzte.
Anbulantziak aireportura bertara joan, eta osasun-taldeek lehen balorazioa egin dute han bertan, aireportuan antolatutako asistentzia-operatiboan.
Ondoren, prebentzioz, 12 adingabe Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetara eraman dituzte, ebaluazio osoagoa egiteko.
Bi zentro horietan artatu dituzten paziente gazteek gastroenteritisarekin bateragarriak diren sintomatologia arinak zituzten baina ez diete larritasunik hauteman, eta ordu gutxian senda-agiria eman diete guztiei.
Dirudienez, adingabeek elikadura-intoxikazioa izan dute Asturiasen egindako egonaldian. Taldeari laguntzen zioten monitoreek ez dute sintomarik izan.
Egoera normaltasun osoz kudeatu dela azpimarratu nahi izan du Osakidetzak, eta ez dela aparteko zerbitzurik aktibatu behar izan.
Osasun Sailak "anbulantzien eta osasun arloko langileen esku-hartze azkarra eta eraginkorra" goraipatu du, "aireportuan bertan eta ospitaletara bidean egin duten lana funtsezkoa izan baita arreta arin eta segurua bermatzeko, bai eta Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetako larrialdi-zerbitzuen koordinazioa eta profesionaltasuna bermatzeko ere".
Zure interesekoa izan daiteke
Garbiketa lanetan ari dira herritarrak Adam goi-geruzetako depresio isolatuak gehien kaltetu dituen udalerrietan
Benta Berriko bizilagunek alokairu babestuko baldintzetan jarraituko dute
Akromatopsia: nolakoa da bizitza zuri-beltzean?
Emakume bat hil dute Madrilen labankadaz, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago izan dira txertaguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra