Euskadi Urdina estrategia aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, itsas eta arrantza-sektorearen belaunaldi-erreleboa bermatzeko
Talentu gaztea erakartzea, berrikuntza bultzatzea, portuak modernizatzea eta itsasoari lotutako aukera ekonomiko berriak sortzea dira helburu nagusiak.
Imanol Pradales lehendakaria ekimenaren aurkezpenean, Ondarroako portuan.
Euskadi Urdina estrategia aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, itsas eta arrantza sektoreetan belaunaldi-erreleboa bermatu eta ekonomia urdina garapenaren eragile gisa sendotzeko. Ekimenak 40 jarduera biltzen ditu, gazteen talentua erakartzeko, berrikuntza sustatzeko, portuak modernizatzeko eta itsasoari lotutako aukera ekonomiko berriak sortzeko.
Imanol Pradales lehendakariak Ondarroan eman du proiektuaren berri, eta azpimarratu du estrategia berriaren helburua dela Euskadik itsasoari lotuta dituen gaitasun guztiak ikuspegi bateratu betean integratzea.
Sektore estrategikoa
Pradalesek nabarmendu egin du planak dibertsifikazioaren, belaunaldi-erreleboaren eta talentuaren alde egiten duela, Europar Batasunak sustatutako Ozeanoaren Itunarekin bat eginez. Itun horrek ekonomia urdina sektore estrategikotzat hartzen du elikadura-subiranotasuna, deskarbonizazioa eta biodibertsitatearen babesa bermatzeko.
Euskadi Urdinaren ardatz nagusietako bat da arrantza-flotaren zahartzeari aurre egitea eta gazteak arrantza-jarduerara erakartzea. Izan ere, horiek dira euskal kostaldean garrantzi ekonomiko, sozial eta kulturala duen sektorek irautea bermatzeko oztopo handienetakoak.
Bokazioak pizteko kanpainak
Horretarako, Eusko Jaurlaritzak programa integral bat proposatzen du. Programa horrek gazteen artean bokazioak pizteko kanpainak, prestakuntza-eskaintza eguneratzea eta Euskadi Blue Skills Hub gunea sortzea jasotzen ditu. Azken hori itsasoari lotutako prestakuntza eta talentuaren garapenerako erreferentziazko zentro izango da.
Estrategiak, halaber, Itsasoratu programa indartzea aurreikusten du, laguntza-ibilbide luzeagoen eta mentoretza-programen bidez, profesional berrien sektoreratzea errazteko.
Gainera, lanbidera sartzeko oztopoak murrizteko tresnak sustatuko dira. Horien artean daude arrantza-aktiboak eskualdatzeko bitartekaritza-bulego bat, belaunaldi-erreleborako erabilgarri dauden ontzi eta lizentzien katalogoa, kuoten banku bat eta ontzi-jabe nahiz tripulatzaile gazteak sektorera erakartzea erraztuko duten finantza-tresna berriak.
Berrikuntza, portuak eta ekonomia urdina
Belaunaldi-errelebotik harago, Euskadi Urdinak berrikuntza eta ekintzailetza urdinerako guneen sare bat sortzea aurreikusten du, portu-azpiegiturak modernizatzea —27 milioi euro inguruko inbertsioarekin— eta aisialdiko nautika sustatzea, kostaldea dinamizatzeko jarduera gisa.
Oro har, estrategiak sei jarduera-ildo, 17 lan-eremu eta 40 ekimen biltzen ditu. Horien bidez, Eusko Jaurlaritzak berrikuntzan, lehiakortasunean eta itsasoari lotutako enpleguaren sorreran oinarritutako hazkunde jasangarriko eredua sendotu nahi du.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera