Laudioko zenbait udal-instalaziotan legionella-maila altua hauteman dela eta eten egin dute horietako ur-hornidura, prebentzio modura
Aretako frontoiari, Aretako kultur etxeari, Gardeako kirol instalazioei eta Altzarrate futbol zelaiari eragiten die gorabeherak. Laudioko Udalak jakinarazi duenez, igerilekuetan ez dago arazorik eta segurua da bertan bainatzea.
Gardeako kirol instalazioetako dutxak. Argazkia: Eusko Jaurlaritza.
Laudioko Udalak jakinarazi duenez, legionella-maila altuak hauteman dira zenbait udal-instalaziotan eta, "segurtasun sanitarioko protokoloei zorrotz aplikatuz eta osasun publikoarekiko erantzukizunagatik", instalazio horietan ur-hornidura eta ura erabiltzea eskatzen duten elementu guztiak itxi ditu aldi baterako, prebentzio neurri gisa eta "herritarren segurtasuna bermatzeko".
Aretako frontoiari, Aretako kultur etxeari, Gardeako kirol instalazioei eta Altzarrate futbol zelaiari eragiten die gorabeherak. Udalaren arabera, instalazio horiek normaltasunez erabiltzen jarraitu ahal izango da, beti ere ura erabiltzen ez bada.
Era berean, Udalak adierazi duenez, beharrezko tratamendu tekniko guztiak egingo dira legionella ezabatzeko eta osasun-agintariek ezarritako segurtasun-baldintza guztiak berrezartzeko.
Argitu dutenez, neurria "erabat prebentiboa" da, ez baita legionellarekin lotutako kasurik atzeman; "helburua instalazioak ahalik eta lasterren normaltasunera itzultzea da, herritar guztientzat berme sanitario osoz eta inolako arriskurik gabe".
Horrez gain, Udalak azpimarratu duenez, udal-igerilekuetan ez dago arazorik, eta "guztiz segurua" da horietan bainatzea eta ura erabiltzea. Gogorarazi duenez, igerilekuetako uraren kalitatea etengabe kontrolatzen da indarrean dagoen araudiaren arabera.
Ainize Gastaka Laudioko alkateak "lasaitasun mezua" igorri die herritarrei, eta nabarmendu du Udalak "berehala jardun" duela, protokoloei zorrotz jarraituz eta prebentzioa lehenesteko. "Hartutako neurriak zuhurtziaz eta herritarren segurtasuna bermatzeko" hartu direla zehaztu du, eta igerilekuak erabiltzea segurua dela bermatzearekin batera, eskerrak eman dizkie herritarrei "ulermenagatik, pazientziagatik eta lankidetzagatik".
Udalak egoeraren bilakaeraren berri emango du eta tratamenduak amaitu eta kontrol-analitiken emaitzak egokiak direnean jarriko ditu martxan gorabeherak eragindako ur-puntu guztiak.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera