Intentsitate altuko bigarren sexu-eraso bat izan da sanferminetan
Indarkeria matxistaren aurkako protesta, Iruñean. Artxiboko irudia
Gauerdian amaituko dira sanferminak, Gaixoa ni kantatu ondoren. Joseba Asiron Iruñeko alkateak aurtengo jaien balantze ona egin badu ere, adierazi du sexu-erasoekin lotutako salaketak 25 izan direla guztira (22, ukituengatik). Halaber, intentsitate handiko bigarren sexu-eraso baten berri eman du.
Eraso horrekin lotuta, gizonezko bat atxilotu zuten eta, gaur, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren arloko Iruñeko Epaitegiko titularrak behin behinean espetxera bidali du, fidantzarik gabe, bortxaketa delitua egotzita.
Lehendabiziko erasoa jaien lehen asteburuan gertatu zen.
Iruñeko alkatearen arabera, festak "nahiko lasaiak" izaten ari dira eta ekitaldi guztietan "parte-hartze altua" egon da; salaketa gutxiago eta atxiloketa gehiago egon badira ere, indarkeria matxista da balantze positiboaren puntu beltza, alkatearen esanetan. Bederatzi jai-egunen ondoren, kale giroa oro har "ona" izan dela esan du, nahiz eta bero-sapak nabarmen baldintzatu dituen aurtengo festak.
Lapurreta txikiak izan dira delitu nagusiak. Nolanahi ere, Iruñeko alkateak azpimarratu du salaketa kopuruak behera egin duela eta, aldiz, atxiloketenak, gora. Horrek, Asironen ustez, "agerian uzten du, beste behin ere, Udaltzaingoaren eta gainerako polizia-agenteen eraginkortasuna sanferminetan".
Delitu-esparruan, argi utzi du eraso sexistei dagokienez "oraindik asko" dagoela egiteko. Nolanahi ere, alkateak adierazi du kasu horien % 80 inguru atxiloketekin amaitu direla, "eta horrek ere poliziaren eraginkortasuna agerian" uzten duela.
Gainerako sexu-delituen artean, salaketa bat eraso-saiakeragatik izan da eta beste biak intentsitate handikotzat jotako erasoengatik, Babes Zibileko Batzordearen datuen arabera. Datu horiek guztiak bihar plazaratuko den behin betiko balantzean zehaztuko eta zabalduko dira.
Amaitzeko, Asironek dei egin du jaiak "bizikidetza eta errespetu osoz" amaitzeko, gaur gauean Espainiak eta Frantziak jokatuko duten Futbol Munduko Txapelketako finalaurrekoari erreferentzia eginez.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera