Kanoikadak Donostia astinduta abiatu dira jaiak
Euriak ez du unea zapuztu, eta Onintza Mokoroak metxa piztearekin batera lehertu da festa Gipuzkoako hiriburuan. Euskal dantzek protagonismo berezia izan dute, hiriko zortzi taldek eman baitiote hasiera Aste Nagusiari.
Jai giroan murgildu da jada Gipuzkoako hiriburua. Ohi bezala, 19:00etan, kanoikadaren burrunbak eman dio hasiera Donostiako Aste Nagusiari. Euriak eta noizean behin entzuten ziren trumoiek ez dute festaren hasiera ilundu, eta Onintza Mokoroa artillari nagusiak metxa piztuta egin du eztanda Alderdi Ederrek. Euskal dantzek protagonismo berezia izan dute aurten, hiriko zortzi dantza talde izan baitira Aste Nagusia abiatzeko arduradunak: Antiguotarra, Arkaitz, Eskola, Gero Axular, Goizaldi, Herridantza, Trebeska eta Kresala.
Kanoiaren danbatekoaren ostean, udaletxeko terrazan bildutakoak dantzan hasi dira, Jon Insausti alkatea eta hainbat zinegotzi tartean zirela.
Aurrez, "Artillero" abestia kantatu dute ordezkari politikoek, dantzariek eta festa hasierara gonbidatutako Mikel Oyarzabal eta Martin Zubimendi futbolari eta munduko txapeldunek. Jon Insausti alkateak gonbidatu ditu, AEBn balentria egin ondoren.
Alderdi Ederren bildutako milaka lagunek ederki gozatu dute kantaz eta jaien eztandaz. Zortzi egun dituzte aurretik, eta egitarau ofizialean jasotako 400 ekitaldi baino gehiago, aukeran: Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa, erraldoi eta buruhandiak, herri kirolak, azokak eta atrakzioak, antzerkia, dantza eta kaleko ikuskizunak...
Programak abuztuaren 12ko eguzki eklipse osoarekin lotutako jarduerak ere jaso ditu, tailerrak, jolasak eta dibulgazio-proposamenak besteak beste, fenomeno hori ezagutzeko eta modu seguruan behatzen ikasteko.
Piraten txupinazoa, Bageraren eskutik
Ordu erdi geroago izan da Donostiako Piraten txupinazoa, 19:30ean. Aurten euskalgintzari gorazarre egin nahi izan diote, eta Bagera elkarteak bete du Mattiren rola.
Santa Clara uhartetik abiatuta, itsasontzian heldu dira kaira Ezkila eta Matti. Ongietorri beroa egin diete bildutakoek Flamenka gunean.
Amets Ibero Bagera elkarteko kideak eta Ezkilak piztu dute metxa, euskararen aldeko aldarriak ahoan. Donostiako Udalak kaleko afari solidarioak debekatu dituela eta, Kaleko Afari Solidarioak (KAS) elkartea ere omendu nahi izan dute ekitaldian, eta lapiko gorri bat eraman dute taula gainera.