Kanoikadak abiatuko du Donostiako Aste Nagusia larunbat honetan
Artillari nagusiak 19:00etan piztuko du metxa Alderdi Ederreko lorategietan, eta horrela emango dio hasiera zortzi eguneko jaiari. Guztira, 400 ekitaldi baino gehiago daude programatuta.
Alderdi Ederreko lorategiek, Donostiako udaletxearen aurrean, burrunba egingo dute berriro larunbat honetan, 19:00etan, kanoiaren tiroarekin. Soinu horrek 30 urte baino gehiago daramatza hiriburuaren Aste Nagusia inauguratzen.
Jaiaren aurretik, Artillero, dale fuego kanta abestuko dute, eta, jarraian, artillari nagusiak metxa piztuko du, hiriko zortzi dantza taldetako kideekin batera: Antiguotarrak, Arkaitz, Eskola, Gero Axular, Goizaldi, Herridantza, Trebeska eta Kresala taldeak izango dira bertan ordezkatuta.
Une horretatik aurrera eta abuztuaren 15era arte, programa ofizialak jasotzen dituen 400 ekitaldi baino gehiago izango dira, 30 gunetan banatuta. Proposamenen artean nabarmentzekoak dira Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa, erraldoi eta buruhandiak, herri kirolak, azokak eta atrakzioak, antzerkia, dantza eta kaleko ikuskizunak.
Programak abuztuaren 12ko eguzki-eklipsearekin lotutako jarduerak ere jasotzen ditu, tailerrak, jolasak eta dibulgazio-proposamenak besteak beste, fenomeno hori ezagutzeko eta modu seguruan behatzen ikasteko.
Larunbateko egitaraua
09:00-14:00 Euskal Herriko nekazaritza produktuen XIII. azoka berezia (Loiola kalea)
09:00-20:00 Aste Nagusiko XXI. Hondartzako bolei-txapelketa (Zurriola)
11:00-14:00 Haurrentzako barrakak (Gipuzkoa plaza)
14:00-16:00 Estropaden zeharkaldia Aste Nagusiko Porsche Urdaneta Trofeoa (Kontxa)
17:00-01:00 Haurrentzako barrakak (Gipuzkoa plaza)
17:00-04:00 Barrakak (Paseo Berria)
18:00-20:00 Erraldoiak eta buruhandiak (Larramendi kaletik, Amarako eskoletatik)
18:15-19:45 Goazen kanoikadara! (Trinitate plazatik)
18:25-19:00 Kanoikadaren erritmoan (Erdialdea)
18:30-20:45 Igeldoko harria / Uliako harria (Trinitate plaza)
19:00-21:30 Joselontxos txaranga (Parte Zaharra)
19:00-20:30 Aste Nagusiko IV. Padel Txapelketa (Donostiako Tenis Elkartea)
19:00-19:30 Festa hasierako kanoikada (Alderdi Eder)
19:00-21:30 Gauerdi Txaranga (Erdialdea)
19:20-20:00 Holi Fest (Boulevard)
20:30-22:00 XLIX. Txistularien Alardea (Konstituzio plaza)
20:30-22:00 DJ Artie Escolar (Erizainen plaza, Kursaaleko terrazak)
22:45-23:15 Pirotecnia Alpujarreña (Kontxa)
23:30-02:00 Las Divas (Erizainen plaza, Kursaaleko terrazak)
23:30-01:00 Frank Blackfield Band (Boulevardeko kioskoa)
23:30-02:00 Stylo Music Show orkestra, dantzaldia (Easo plaza)
23:30-00:00 Zezensuzkoen entzierroa (Miramar kaletik Boulevarderaino)
23:45-01:15 Veintiuno (Tomas Alba plaza (Sagues)