EGUZKI EKLIPSEA EITB-N

Gorde
Kendu nire zerrendatik

EITBk zuzenean eskainiko du abuztuko eguzki eklipse historikoa, hainbat seinale eta bi globo estratosferiko baliatuz

Saio berezia 19:30etik aurrera izango da ikusgai ETBn, ETB ONen eta ORAINen. Horrez gain, EITBk Eklipse Gaua antolatu du Donostiako Saguesen: eklipsea zuzenean ikusteko pantailak, musika eta behaketa modu seguruan egiteko betaurrekoak izango dira bertan.

Sagües - 1

Abuztuaren 12an fenomeno astronomiko historiko eta ikusgarria biziko dugu gurean: eguzki eklipse oso bat. Zeruan ikusi ahal izango den ikuskizun paregabe hau gertutik jarraituko du EITBk bere hedabide guztietan, eta, nola ez, zuzenean eskainiko ditu irudiak Euskal Telebistan, ETB ON plataforman eta ORAIN albiste-zerbitzu digitalean. Horretarako, baliabide tekniko eta lantalde zabala jarriko ditu martxan EITBk, bi globo estratosferiko ere baliatuta. 30.000-35.000 bat metroko altuerara jaurtiko dituzte, eklipsea estratosferatik ere eskaini ahal izateko. 19:30etik aurrera izango ditugu ikusgai zuzeneko seinale, saio eta konexio guztiak.

EITBko irratiek ere gertutik jarraituko dute fenomeno berezi honen inguruko guztia, eta eduki bereziak eskaintzen ari dira jada "Eguraldia" saioan eta MAKUSI haurrentzako plataforman. Hori gutxi ez eta, kalean bertan, Eklipse Gaua antolatu du EITBk abuztuaren 12an, 19:00etatik aurrera, Donostiako Aste Nagusiaren baitan. Hala, Saguesko agertokiko pantailen bidez une berezi hau jarraitzeko aukera izango da, musikaz lagunduta.

Programazio berezia eta zuzeneko seinalea

ETB ON plataformak zuzenean eskainiko du eguzki-eklipse osoa 19:30etik 21:30era bitartean egingo den saio berezian, ETBko Zuzenekoak ekimenaren barruan. Joseba Olagarai kazetariak gidatuko du emankizuna Aguraindik, Mikel Falxa astrofisikaria lagun duela. Bertatik konexioak egingo dituzte Euskal Herriko puntu estrategikoekin, Bizkaiko Galea lurmurrean hasi eta Nafarroako Bardean bukatzeko, Donostiako Saguesen EITBk antolatu duen ekitalditik pasa eta Lantziegotik estratosferara bidaliko den globoaren irudiak ere eskaintzeko. Kokapen bakoitzak eklipsearen ikuspegi eta esperientzia bat eskainiko du. Drone bitartez lortutako irudiak eta FORTAko seinale bereziak ere jasoko dira.

Hori guztia zuzenean jarraitu ahal izango da ORAINen, ETB1en ("Gaur Egun" albistegiaren aurretik eta ondoren), baita ETB2n ere, 18:40tik 21:00etara Odei Esnaolak gidatuko duen "Euskadi Quédate" saio bereziaren barruan.

Dispositibo zabala jarriko dute abian ETBko albistegiek:  12 kameratik gora mugituko dituzte eta kazetari sarea ere hedatuko da Euskal Herrian barrena. Arnaitz Fernandez izango dute gaueko albistegian, eklipsearen fenomenoa ondo ulertzen laguntzeko, Arguedasko Senda Viva parke naturaletik zuzenean.

Euskadi Irratiak, goizean goizetik, eklipsea ikusteko egokienak diren herrietako alkateekin hitz egingo dute, eta eklipsea gertatzen denean ere zuzeneko kontakizuna egingo dute. Astrofisikarien aholkuak bilduko dituzte hainbat irratsaiotan, eta, besteak beste, animaliengan horrelako fenomenoak duen eragina aztertuko dute. Gainera, "Kantu Kontari" saio berezia egingo du Joseina Etxeberriak, eguzkia ardatz hartuta, abesti bilduma berezia osatuz. Programa GUAU plataforman egongo da entzungai.

Radio Euskadik eta Radio Vitoriak elkarrekin jorratuko dute eklipsearen unea, Sarai Perezek kaletik gidatuko duen "Ganbara" saio berezian. Nola ez, bidali bereziak izango dituzte lurralde guztietan. Goizeko irratsaioetan ere hizpide izango dute gaia, eta Radio Vitorian, fenomenoaz hobekien gozatu ahal izango den Arabako eremuekin konektatuko dute. Arabako azken eguzki eklipsea gogoratuko dute, eta bi eklipse ehiztari gonbidatuko dituzte horretaz aritzeko.

Globoaren zuzeneko seinalea, estratosferatik

EITBk, Aranzadiren laguntzarekin, bi globo estratosferiko botako ditu, 30.000-35.000 bat metroko altuerara, eklipsearen beste ikuspegi bat emateko. EITB Lab-en ekimen honi esker, estratosferatik ikuspegi erabat desberdina jasoko dugu. Globoetako batean 360 graduko kamera bat joango da, eta eklipsea estratosferatik grabatuko du; beraz, eklipseak gurean egiten duen itzala 35.000 metrora grabatuko du. Bestean, seinalea zuzenean eskainiko duen beste kamera bat joango da. Globoa nola igotzen den ikusteaz gain, eklipsea bera ere seinale horren bitartez jarraitzeko aukera izango dugu. Zuzeneko seinale hori ikusgai egongo da EITBko kanal eta plataforma digitaletan, eta 360 graduko irudiak, kalitate handian, hurrengo egunetan.

Eklipse gaua, Saguesen

Eguzki eklipsea kalean modu kolektiboan eta seguruan bizitzeko aukera ere eskainiko du EITBk,  Donostiako Aste Nagusiko programazioaren barruan. 19:00etatik aurrera eklipse gau erraldoia antolatu du Saguesen, zientzia, dibulgazioa eta musika uztartuko dituen ekitaldi berezi batekin. Jon Gomezek aurkeztuko du, eta eklipsea pantaila erraldoian jarraitu ahal izango da bertan. Atzerako kontaketa elkarrekin egingo dute, une magikoa iritsi arte, eta eklipseaz gozatu ondoren, festak aurrera egingo du Makala DJaren musikaz lagunduta. Sarrera librea izango da, eta homologatutako betaurrekoak banatuko dira, eklipsea segurtasun osoz jarraitzeko.

Pieza eta eduki bereziak "Eguraldia" tartean eta MAKUSI plataforman

"Eguraldia" saioan luze eta zabal aritu dira azken hilabeteetan eklipsearen inguruko eduki bereziak eskainiz, errealitate birtualari esker sortutako sei piezako serie berezia tartean: zer da eklipse bat, nola bizi izan dugu mendeetan zehar, eklipseari lotutako beste fenomenoak (Bailyren perlak, diamante eraztuna eta eguzki koroa…), nola eragiten dien eklipseak animaliei… Gainera, hainbat astronomo, astrofisikari eta aditurekin elkarrizketak egin dituzte, baita astronomiari buruzko informazioa eta eklipsea behatzeko segurtasun datu praktikoak eta prestaketa bereziak landu ere. Abuztuaren 12ra arte gaia sakon lantzen jarraituko dute "Eguraldia" tartean.

MAKUSIk Eguzki eklipse osoa izeneko dibulgazio-serie berezia kaleratu du, Arnaitz Fernandezek eta June Ansoleagak aurkeztuta. Eklipsearen nondik norako horiek guztiak haurrekin batera gozatzeko aukera eskaintzen digu bideo-sorta berezi horrek.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X