Meta eta TikTok plataformei kontrola indartzeko eskatu die Europako Batzordeak, Ceutako krisia tarteko
Abuztuaren 15aren aurretik, sare sozialok estu zaintzen ari da Brusela. Izan ere, egun horretan beste migratzaile olde bat espero da hiri autonomoan. Horren ildoan, Europako komisarioa bi plataformetako arduradunekin bildu berri da.
Migratzaile batzuk Ceutako El Trampolin hondartzan. Argazkia: EFE
Ceutako migrazio krisiaren harira, Henna Virkkunen Europako Batzordeko Subiranotasun Teknologiko, Segurtasun eta Demokraziaren komisarioak galdea egin die Meta (besteak beste, Instagram eta Facebooken jabea) eta TikTok konpainiei sare sozial horien kontrola eta datuak egiaztatzeko prozesua indartzeko.
X sare sozialean duen profilean jakinarazi duenez, bi plataformetako arduradunekin bildu da “Ceutako egoera aztertzeko”. Izan ere, horren ustez, sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten uztailaren amaierako sarrera masiboan, eta abuztuaren 15erako ere mezu ugari daude muga berriro zeharkatzeko deia eginez.
Horren aurrean, Europako Batzordearen iritzian, "plataformek irmotasunez jokatu behar dute eremu digitalaren osotasuna bermatzeko, batez ere horrelako krisietan. Horrela, ezinbestekoa da kontrola handitzea eta datuak egiaztatzeko erakundeekin egindako lankidetza indartzea”.
Asteon bertan Ceutako krisian sare sozialen esku hartzeaz ohartarazi du Europako Batzordeak. Horren arabera, Errusiako kanalak uztailaren 30eko migrazio krisiaren bozgorailu izaten ari dira. Dena dela, Arianna Podesta Batzordeko bozeramaileak esan du hori dioten txostenetako asko ez daudela “egiaztatuta” eta gune horretako egoera ez dagoela argi. Hala, Espainiako eta Marokoko agintariekin hartu-eman estua izaten jarraituko dutela nabarmendu zuen.