8.000 hektarea kaltetu dira Huelvako sutean, eta 500 bizilagun inguru ebakuatu dituzte
Tirig (Castello) udalerrian ostiralean piztutako suak kontrolik gabe jarraitzen du, eta Cati herriko bizilagunak etxetik ateratzeko agindua eman du Generalitateak.
Nieblako (Huelva) sutea. Argazkia: EFE
Niebla (Huelva) eta Tirig (Castello) udalerrietako baso suteek aktibo jarraitzen dute gaur, suhiltzaileek horiek mendean hartzeko eginahalak egin arren. Andaluziakoa da hedaduraz handiena: 8.000 hektarea kaltetu dira dagoeneko. Halaber, 467 lagun etxetik atera dituzte.
Antonio Sanz Andaluziako Juntako presidenteorde lehen eta Larrialdietarako kontseilariak azaldu duenez, suak 8.000 hektarea hartu izanak ez du esan nahi eremu guztia kiskali duenik: "Erre gabeko gune asko daude". Datozen orduetan izan dezakeen bilakaeraz galdetuta, "baikor" agertu da Sanz, egoera "konplexua" dela onartu badu ere.
Horren arabera, hegoaldeko zatia "bermatuta" dute suhiltzaileek. "Mendebaldetik joko du gaur haizeak. Ekialdean dugu zailtasun gehien, ziurgabetasuna handiagoa da. Ezkerreko sektorean lan handia egiten ari gara, ekialderantz zabal ez dadin", adierazi du. Guztira, 500 bat profesional, lurreko 178 baliabide eta aireko 26 ari dira lanean.
Cati (Castello) husteko agindua eman dute
Castellon, Tirigeko sutearen egoera ez da hobea. Valentziako Generalitateak ES-Alert larrialdi mezua zabaldu du Cati udalerrian. Atzotik konfinatuta zegoen, eta herria husteko agindua eman dute arratsaldean.
Suak 395 hektarea harrapatu ditu dagoeneko, eta 15 kilometroko perimetroa du. Gaur aireko 19 baliabide, 300 langile baino gehiago eta lurreko 50 unitate baino gehiago ari dira lanean.
19:00etan berriro bilduko da CECOPI larrialdietarako mahaia, eta orduan erabakiko dute bestelako neurririk hartu behar den.