Dolumin mezu ugari, Oihane Mateos gogoan
Orain EITBren albiste zerbitzu digitaleko burua bart zendu da, eta zorigaiztoko albistea jaso eta berehala, erreskadan etorri dira samin agurrak.
Atsekabean lagun, asko eta asko izan dira dolumin mezuak Oihane Mateos EITBren albistegi digitaleko buruaren heriotzaren ostean. Bart zendu da, 45 urte zituela. EITBko profesional eta lankideak, euskal politikari eta ordezkari publikoak, kirol elkarteak, baita herritar xehe askok ere. Denek adierazi dute euren atsekabea.
Larunbat gau batez, abuztu betean, eman dugu zoritxarreko albiste horren berri. Orain EITBren albiste zerbitzu digitalaren sare sozialetan zabaltzearekin batera, bata bestearen ondotik iritsi dira dolumin mezuak.
EITBko bere lankide eta kide ohien artean samina da nagusi, eta horren erakusgarri dira gaur sare sozialak.
Etxe honetatik kanpo ere, kazetari ugarik helarazi dituzte doluminak:
Euskarazko toki komunikabideen federazioak, Tokikomek, EITBren batera abiatutako Saretzen proiektuaren zutarri ezinbestekotzat hartu du.
Imanol Pradales lehendakariak ere helarazi dizkio doluminak Oihane Mateosen familia, lagun eta EITBko lankideei.
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta EITBko gerente izandakoak Instagrameko bere kontuan zabaldu du dolumin mezua.
Iñigo Urkullu lehendakari eta eAtlantic fundazioko presidenteak ere bat egin du samin agurrekin. Instagram bidez partekatutako mezuan irakur daitekeenez, atsekabean lagun ditu Mateosen senitarteko, gertuko eta EITBko zuzendari nagusia ere. Nabarmendu du Orainen zuzendari izandakoak “beti begirunez artatu” izan zuela.
Euskal Herriko politikagintzatik ere heldu dira mezuak. Besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak (EAJ), Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak eta Laura Garrido PPren legebiltzarkideak argitaratu dituzte babes mezuak.
Orio Arraun Elkarteko zuzendaritzako kide izan zen Mateos zazpi urtez, 2006tik 2013ra, eta taldeak samina adierazi du Instagramen zabaldutako mezu batean.
Oihane Mateosen aldeko hileta elizkizuna bihar, astelehenarekin, egingo dute jaioterrian, Ibarran (Gipuzkoa). San Bartolome parrokian izango da, 19:00etan.