Nola jakin daiteke noiz gertatuko den eklipse bat?
Astronomoek zehaztasunez kalkula dezakete noiz gertatuko den eklipse bat, Ilargiaren, Eguzkiaren eta Lurraren orbitak ikusita.
Garai batean, eklipseak ezbeharren iragarpen gisa hartzen zituzten. Gaur egun, ordea, zehaztasun handiz aurreikus daitezkeen fenomeno astronomikoak dira, eta milaka lagun erakartzen dituzte.
Baina nola jakin dezakete astronomoek noiz gertatuko den? Ilargiaren, Eguzkiaren eta Lurraren posizioak zehaztasunez ezagutzea eta aurreikustea da gakoa, Europako Espazio Agentziak (ESA) azaldu duenez.
Hiru astroak lerro berean jartzen direnean gertatzen dira eklipseak. Eguzki-eklipsean, Ilargia Lurraren eta Eguzkiaren artean kokatzen da, eta Eguzkiaren argia estaltzen du. Ilargiaren itzal betearen barruan dauden eremuetan eklipse osoa ikus daiteke; ilunantzean daudenetan, berriz, partziala.
Ilargi-eklipsean, Lurra Eguzkiaren eta Ilargiaren artean jartzen da, eta Ilargiaren gainean proiektatzen du bere itzala. Orduan, Ilargiak kolore gorrixka har dezake, Lurraren atmosferak eguzki-argia iragazteko duen moduaren ondorioz.
Zergatik ez da eklipserik izaten hilero?
Hilero ilberri bat badago ere, horrek ez du esan nahi hilero eguzki-eklipserik izango denik. Izan ere, Ilargiaren orbita 5 gradu inguru inklinatuta dago Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen orbitarekiko, ekliptika deritzon planoarekiko. Horregatik, Ilargia normalean beharrezkoa den lerrokaduraren gainetik edo azpitik igarotzen da.
Ilargiaren orbitak ekliptika Ilargiaren nodo izeneko puntuetan zeharkatzen duenean soilik gerta daiteke eklipse bat. Puntu horien inguruan eklipseen denboraldia izaten da, 35 egun ingurukoa, eta tarte horretan eguzki- zein ilargi-eklipseak gerta daitezke.
Horrela, orbiten jarraipenari eta kalkulu matematikoei esker, astronomoek aldez aurretik jakin dezakete noiz gertatuko den eklipse bat eta baita zein tokitan ikusi ahal izango den ere.
Matematikek aurreikusi ezin dutena, ordea, zera da: egun horretan zerua oskarbi egongo den ala ez.