Onintza Enbeita pregoilariak "Bilbo euskalduna" eta "guztiona" erreinbindikatuz lehertu da jaia
Onintza Enbeita bertsolariak eta Kaixo konpartsako Ainhoa Urrejolak eman diote jaiei hasiera pregoia irakurri eta txupina botata. Aste Nagusia "denona" dela aldarrikatu du Enbeitak eta erasotzaileei lekurik ez dutela gogorarazi die.
Arratsaldeko 19:00ak pasatxo zirenean lehertu da jaia Bilbon, Marijaiaren agerraldiarekin, Arriaga Antzokian. Milaka lagun zeuden Arriagaren atarian eta inguruetan, jaiari ekiteko zain.
Onintza Enbeita bertsolariak irakurri du aurrez pregoia eta Ainhoa Urrejola Kaixo konpartsako kideak bota du txupina.
Aitona Balendin izan du gogoan Onintza Enbeitak pregoia hastean. Hala, milaka lagunen aurrean, aitonari eta "Bilbo euskaraz baino ezin dela izan erakutsi diguzuen denoi" eskaini dizkie lehen hitzak.
Ondoren, bertsotara igaro eta Marijaiari egin dio erreferentzia, baita haren "titi ederrei" ere, "bere bolumena disimulatu behar ez duen" emakume ederrari alegia. Aldarri feministarekin jarraitu du, ahaldundutako emakumeek ere "eredua" betetzen ez dutenek "fea eta malfollada" entzun behar izan dutela sarri salatuz.
Bilboko jaietan ere "inposatutako arauak apurtzearen" alde egin du eta Aste Nagusia "denona" dela aldarrikatu du: haurrena, helduena, gurpildun aulkian doazenena, garai bateko etorkinena eta berriena, eta LGTBIQ+ eta kolektibo zaurgarriak ere gogoan izan ditu.
Jaietan lan egingo duten horiei guztiei euskerrak eman dizkie eta gogoan izan ditu euren baldintzen alde greba egiten ari diren ikuskizunetako langileak ere.
Bigarren bertso ahapaldian, "etxera bidean hanketan dardara" sentitzen dutenak izan ditu gogoan, emakumeak eta LGTBIQ+ kolektiboko kideak eta "zure beldurra beste denon ardura da", aldarrikatu du.
Hortik tiraka, erasotzaileen kontra hitz egin du Enbeitak: "ez badakizu egoten, ez etorri. Erasotzaileak kanpora!", ohartarazi die.
Faxismoaren kontra ere mintzatu da, eta mundu guztiarekiko eta espresio guztiekiko errespetuaren alde egin du. Hala, gogoan izan ditu munduko hainbat gatazka eta miseria: Palestinan, Kuban eta Mendebaldeko Saharan bizitzen ari direnak, adibidez. Hala, europarrok "gure zuritasuna" mundu hobe baten alde lan egiteko baliatzea eskatu du.
Azkenik "Bilbo ederra, Bilbo gurea, Bilbo hasi dadila jaia!" oihukatu du, azken bertsoari ekin eta "gora konpartsak gora Marijaia" amaitu aurretik.
Eguraldi ona izan da jaien hasieran, tenperatura altu eta giro eguzkitsuarekin.
Behin txupina botata, Bilbok ofizialki hasiera eman dio 9 eguneko jaiari. Milaka lagun espero dira hurrengo egunetan Bizkaiko hiriburuan, Aste Nagusiaz gozatzen.
500 proposamen baino gehiago
Urteko asterik luzeena eta handiena da honakoa Bilbon, eta jende guztientzako eskaintza ugari prestatu dituzte.
500 kultur eta aisialdi proposamen baino gehiago izango dituen egitaraua prestatu dute: Kontzertuen artean Zea Mays, Leire Martínez, Bebe edo M-Clan nabarmentzen dira.
Txikigunean, su artifizialetan edo Etxebarria parkean dauden barraketan ere ez da jai-girorik faltako.
Erasorik gabeko jaiak
Bilboko Udalak eraso matxisten, arrazisten eta LGTBIQ+ komunitatearen aurkako erasoen estrategia abiaraziko du Aste Nagusia hastearekin batera. Estrategia horren barruan, arreta-telefonoen berri emateko txartelak banatu eta pegatinak jarriko ditu Udalak.
Errespetu nagusia lelopean, hirugarren urtez jarraian jarriko dute martxan dispositiboa.
Bilboko Konpartsek ere protokoloak iragarri dituzte, eta jaietan erasoren bat jasan edo ikusten dutenentzat txosnak "erreferentziazko gune seguruak" izango direla adierazi dute.
Gainera, jaiek irauten duten bitartean segurtasun eta garbiketako udal-operatibo bereziak egongo dira.
Garraio publikoa
Garraio publikoa indartu egingo da jaietan. Bilboko metroak etengabeko zerbitzua eskainiko du eta maiztasunak areagotuko ditu jende gehien biltzen den uneetan.
Bilbobusek Gautxori zerbitzua eskainiko du gauero, eta Bizkaibusek gaueko zerbitzua handituko du. Euskotrenek ere indartuko du zerbitzua.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera