INDARKERIA MATXISTA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Adingabe bati Maritxu Kajoi festan egindako sexu-erasoa gaitzetsi du Arrasateko Udalak

Maritxu Kajoi egunean adingabe bati egindako sexu-erasoa gaitzetsi du Arrasateko Udalak, eta biktimaren babesa bermatzeko eskatu du.

Arrasateko Udalak irmoki salatu du Maritxu Kajoi egunean herrian gertatu zen sexu-erasoa. Ohar baten bidez azaldu duenez, sexu-erasoa jasan duen adin txikiko emakumeari zuzeneko elkartasuna eta babesa adierazi dizkio Udalak, eta "indarkeria mota honi aurre egiteko dituen zerbitzuak eta tresnak bere eskura jarrita ditu lehen unetik". 

"Biktima adin txikiko emakumea izanik, bere babesa bermatu eta bere nahia errespetatzeko deia egiten du Arrasateko Udalak", gaineratu du. 

Udalaren esanetan, kasuan inplikatutako erakunde guztiek errespetatu zuten salaketa publiko ez egiteko biktimaren nahia. Horren aurrean, Udalak erabat gaitzetsi du beste erakunde batzuetatik egon zitezkeen filtrazioak, hedabide batek albistea argitaratu baitu. 

Udalak herritarrei dei egin die "bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari eusteko, inoiz baino gehiago erne jarraitzeko, biolentzia jasaten ari diren emakumeek erakundeon eta komunitate osoaren babesa jaso dezaten".

Horregatik, datozen egunetan, Mugimendu Feministak deitu ditzakeen mobilizazioekin bat egitera deitu du Udalak, eta herritarrei bertaratzeko gonbita egin die.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X