Nafarroa Oinez jaia ospatuko dute igandean Zizur Nagusian
Ibilbidea Zizur Nagusia-Ardoi eta Gazolatz inguruan egingo dute, eta hiru gune nagusi izango ditu: bi bertako lursailetan kokatuko dira, eta hirugarrena, berriz, Zizur Nagusiko Luis Ibero plazaren inguruan. Horrela, herrigunea eta natur ingurunea uztartuko dituen ibilbidea osatuko dute.
Nafarroa Oinez urriaren 18an ospatuko da. Argazkia: Nafarroa Oinez
Igande honetan ospatuko da Nafarroa Oinez “Bidean bat gara” lelopean. Aurtengo jaia San Fermin eta Erentzun ikastolek antolatu dute elkarlanean, eta Zizur Nagusian egingo dute.
Bi ikastoletako ordezkarien hitzetan, aurtengo ekitaldia ez da festa bat bakarrik izango. “Euskararen orainak eta etorkizunak denok interpelatzen gaituelako”, aurtengo Nafarroa Oinezek “aldarrikapen egun masiboa” izan nahi du, “Nafarroa osoan euskara ofiziala izan dadin eta euskaraz bizitzeko eskubidea aitor diezagutela ozen aldarrikatzeko eguna”.
Aurtengo berezitasun nagusietako bat ibilbidea bera izango da, Erentzun eta San Fermin Ikastolak lotzen dituen bidean diseinatu baita. Hautu horrek zuzenean islatzen du aurtengo leloa, bi ikastola eta bi errealitate izan arren, helburu bera baitute: euskararen eta euskal kulturaren alde lanean jarraitzea, elkarlanean eta etorkizunari begira.
Ibilbidea Zizur Nagusia-Ardoi eta Gazolatz inguruan egingo da, eta hiru gune nagusi izango ditu: bi bertako lursailetan kokatuko dira, eta hirugarrena, berriz, Zizur Nagusiko Luis Ibero plazaren inguruan. Horrela, herrigunea eta natur ingurunea uztartuko dituen ibilbidea osatuko da.
Adin guztientzako festa eta kultur egitaraua
Adin guztietako herritarrei zuzendutako egitarau zabala prestatu dute aurten ere. Kontzertuak, ikuskizunak, familientzako proposamenak, haurrentzako eskaintza eta gazteei zuzendutako ekimen bereziak izango dira.
Musika eskaintzaren barruan, besteak beste, Mochila 21, Urtz, Trikidantz, Kantu Salda, Mugan, Demode Quartet, La Basu, Eztitan, X Sakara, Somak, Ortzadar, Atxa Jaunak eta Korrontzi izango dira. Txikienek, berriz, Makusiko protagonistak, Xaibor eta "Go!azen" saioko kideak izango dituzte bertan.
Gazteen artean arrakasta handia duen Erronka ekimenak ere protagonismo berezia izango du. Horrez gain, aurtengo berritasunen artean Oinez ginkana familiarra dago, 6 eta 14 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzendutako proposamen dinamiko eta irisgarria.