Suitzak ateak itxi ditu
Atzerriko langileen sarrera mugatuz Suitzarrek hartutako erabakiak ondorioak izango ditu herrialde honek Europar Batasunarekin dituen harremanetan.
Kasu honetan atzerritarra izateak ez du esan nahi soilik afrikarrei edo Asiako herritarrei muga jarriko zaiela, alemaniarrei edo frantziarrei ere eragingo die Suitzan atzoko erreferendumaren ostean langile atzerritarrei ezarriko zaizkien mugak.
Suitza ez da Europar Batasuneko kide, beraz ez dago Europar Batasuneko araudien menpe, baina akordio garrantzitusak ditu izenpetuak Europar Batasunarekin.
Besteak beste, Suitza Europako eremu ekonomikoko kide da eta horri esker Suitzako produktuak aduana ordaindu gabe sartzen dira Batasunean, eta hor dago Schengengo hitzarmena ere, horri esker suitzarrak inungo arazorik gabe askatasun osoz ibili daitezkeelarik Batasuneko herrialdeetan barrena.
Europako langileei ateak ixteko erabakia beraz zilegia da eta Suitza herrialde burujabea da erabaki hori hartzeko, baina ezin dena egin da suitzarrek merkatu bakarraren abantaila guztiak izan eta arazoak sortzen dituzten haiei iskin egitea.
Suitza arazo bat da Europarentzat arrazoi askorengatik, besteak beste bankuen gaineko informazioa ezkutuan gordetzeagatik, horrek paradisu fiskal bihurtzen duelarik.
Norbaitek esan beharko die suitzarrei ezin dietela kanpokoei ate guztiak itxi eta gainerakoei eurenak zabalik izan ditzaten eskatu.