Estoniak Errusiarekin duen muga itxiko du abenduan, Moskuri leporatutako sabotaje bat tarteko
Tallinnen arabera, material militarra ekoizten duen fabrika bati eraso egiten saiatu da Mosku. Zortzi pertsona atxilotu dituzte eta Fiskaltza gertatutakoa ikertzen ari da. Finlandiak 2023an hartutako erabakiari segida eman dio orain Estoniak.
Kristen Michal Estoniako lehen ministroak iragarri duenez, abenduaren 1etik aurrera itxita egongo da bere herrialdearen eta Errusiaren arteko muga. Estoniak mugan hiru pasabide ditu Errusiarekin, eta hirurak ixteko prestaketak hasteko agindu dio Igor Taro Barne ministroari. Moskuk Estoniako enpresa militar baten kontra egin omen duen eraso bat dago erabaki horren atzean.
"Errusiak operazio hibridoak egiten ditu Estonian, eta jakin badakigu Errusiako zerbitzu sekretuek mugako pasabideak herritarrengan eragiteko erabiltzen dituztela. Arriskuak murrizteko prest egon behar dugu", adierazi du Michalek, Estoniako prentsak jaso duenez. "Mugak itxita, Estoniako herriarentzako mehatxua txikiagoa litzateke eta mezu argia bidaliko lioke gure industria militarrari eta defentsa gaitasunei eraso egiten dieten horiei", argudiatu du.
Ustezko sabotajea larunbat gauean gertatu da, Threod Systems defentsa enpresaren eraikinean, Viimsi hirian (herrialdearen iparraldean, hiriburutik gertu). Tallinnen arabera, erasoa Errusiako inteligentzia zerbitzuak agindu du, lantegia zartarazi edo su emateko asmoz. Zortzi susmagarri atxilotu dituzte, Letoniako bizilagunak guztiak. Zorionez, ez da biktimarik izan, eta enpresak ekoizten jarraitu ahal izan du, baina kalte material ugari izan dira.
Harago joan da Igor Taro Barne ministroa. Horren hitzetan, mugako pasabideen trafikoa nabarmen murriztu dute azken hilabeteotan, baina abendutik aurrera oinezkoei eta ibilgailuei "erabat ixtea" da asmoa.
Bi asteko epea itzultzeko
Errusiara bidaiatu duten estoniarrek bi aste izango dituzte itzultzeko, eta muga zeharkatu duten kamioiek eta bestelako ibilgailuek ere epe bera izango dute. "Hortik aurrera, etxera itzultzeko bidea luzea eta zaila izango da", ohartarazi du Tarok.
Estonia eta Errusiaren arteko muga itxi ostean, Letonia izango da Europatik Errusiara lurrez joateko pasabide bakarra. Finlandiak 2023an itxi zituen mugak.
Zure interesekoa izan daiteke
AEBko Gobernuak kontratistaren hutsegite bat edo bideratzaile baten akatsa aipatu ditu aireko kaosaren balizko arrazoien artean
Zelenskik dio AEBk NATOn sartzea eskaini diola Ukrainari, Donbasi uko egitearen truke
Gurutzaontzi turistiko bat irauli da Mississippi ibaian, petrolio-ontzi batekin talka egin ostean
EBk bost herrialdetako ordezkariak bidaliko ditu Ukrainaren eta Errusiaren arteko bake elkarrizketetara
AEBk hegaldiei ekin die berriro, komunikazio arazo batengatik lau orduz etenda egon ondoren
Moskurekin negoziazioaren buru nor izango den erabakitzeko eztabaida abiatu du EBk
Jensen Huang Nvidiako CEOak dimititu egin du, eskandaluen ondorioz