AEBko Gobernuak kontratistaren hutsegite bat edo bideratzaile baten akatsa aipatu ditu aireko kaosaren balizko arrazoien artean
Ordezko bideratzaileak konexio-eskaera ugari bidali zizkien aire-trafikoa kontrolatzeko sareko gainerako bideratzaileei, eta sistema gainkargatu egin zen. Ondorioz, aire-kontrolatzaileek ezin izan zuten hegazkinekin komunikatu.
Milaka bidaiari kaltetuta AEBn, hegaldi ugari bertan behera geratu ondoren. Argazkia: EFE
AEBko Garraio idazkari Sean Duffyren arabera, L3Harris aire-trafikoa kontrolatzeko komunikazio-zerbitzuen enpresa kontratistaren akats batek edo "bideratzaile akastun bat" instalatzeak eragin ahal izan du aireko kaosa. Ostiralean, arazo horrek atzerapen ugari eta 9.000 hegaldi baino gehiago bertan behera uztea ekarri zuen.
"Erabiltzailearen akats baten ondoriozko gaitasun-falta izan ote den argitu nahian ari gara, L3Harris konpainiaren akats bat, alegia, edo bideratzaile akastun bat instalatu ote zuten", azaldu du Duffyk larunbat arratsaldean eskainitako prentsaurrekoan.
Ordezko bideratzaileak milaka konexio-eskaera bidali zizkien aire-trafikoa kontrolatzeko sareko gainerako bideratzaileei, eta sistema gainkargatzea eragin zuen. Ondorioz, aire-kontrolatzaileek hegazkinekin komunikatzeko eta radar-datuak jasotzeko gaitasuna galdu zuten.
Enpresa ohiko mantentze-lanak egiten ari zen Abiazio Administrazio Federalaren (FAA) urruneko instalazio batean. Hain zuzen, hamarkada batzuk zituzten kobrezko kableak zuntz optikozko kableekin ordezkatzen ari ziren.
Duffyren esanetan, aire-trafikoa kontrolatzeko komunikazio-sistemak erabat operatibo daude dagoeneko. Hala ere, larunbatean bertan 4.363 hegaldi bertan behera utzi dituzte.
FAAko administratzaile Bryan Bedfordek ere hartu du parte prentsaurrekoan, eta gertakariaren erantzule den gailua saretik kanpo utzi dutela jakinarazi du. Lehenengo gorabeherak antzeman eta 45 minutu ingurura identifikatu zuten aparatua.
Bedfordek azpimarratu du ez dagoela zibereraso baten zantzurik, ezta "adimen artifizialarekin lotutako zerbait denik erakusten duen frogarik ere". FAAren segurtasun-sistema "duela bi aste bezain segurua da orain ere", gaineratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Zelenskik dio AEBk NATOn sartzea eskaini diola Ukrainari, Donbasi uko egitearen truke
Gurutzaontzi turistiko bat irauli da Mississippi ibaian, petrolio-ontzi batekin talka egin ostean
EBk bost herrialdetako ordezkariak bidaliko ditu Ukrainaren eta Errusiaren arteko bake elkarrizketetara
AEBk hegaldiei ekin die berriro, komunikazio arazo batengatik lau orduz etenda egon ondoren
Moskurekin negoziazioaren buru nor izango den erabakitzeko eztabaida abiatu du EBk
Jensen Huang Nvidiako CEOak dimititu egin du, eskandaluen ondorioz