Milaka lagunek etxea galdu dute Pakistanen, lurrikararen ondorioz
Milaka lagunek etxea galdu dute Pakistanen, eta bigarrenez, kalean eman dute gaua. Astelehenean Richter eskalan 7,5 graduko astindua izan zen Afganistanen, eta gutxienez 370 lagun hil ziren herrialde horretan eta Pakistanen.
Gunerik kaltetuena Pakistango ipar-ekialdea, Khyber Pakhtunkhwa eskualde menditsua, izan zen, eremu horretan 255 hildako zenbatu dituzte eta. Onik atera diren lagunek ez dute egoera samurra, etxerik gabe egonik, tenperatura baxuek eta elurrak berez nahikoa zaila zen egoera gaiztotu baitute.
Laguntza apurka-apurka heltzen ari da. "Gure datuen arabera, aterpea eta garbitzeko produktuak dira lehentasuna ", esan du Shelagh Woods Mugarik gabeko Medikuek Pakistanen duten ordezkariak.
Hondamendiak kudeatzeko Pakistango Aginte Nazionalaren arabera, 255 lagun hil eta 1.697 zauritu dira asteleheneko lurrikaran.
Khyber Pakhtunkhwa eskualdeko 3.952 etxebizitza txikituta geratu dira edo kalte handiak dituzte.