Santos ausart, Kolonbiako bakea helburu
Kolonbiako Gobernuak eta ELNk (Nazio Askapenerako Armadak) —Kolonbiako bigarren gerrilla garrantzitsuenak— bake negoziazioa hasiko dute.
Santosen exekutiboak FARCekin (Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileekin) —Kolonbiako gerrilla nagusiarekin— egindako negoziazioen eskema berdintsua izango da. Negoziazioa atzerrian egingo da oraingoan ere: kasu honetan, Quiton, eta bermea emango duten herrialdeak, Kuba eta Norvegia, orain ere. Gobernuak eta FARCek hitzartu zuten berdina negoziatuko dute, gainera: gerrillarien desarmea, amnistia eta gerrillari ohien parte hartze politikoa. Alegia, joan den urriaren 2ko erreferendumean, Gobernua eta FARCen arteko akordioaz egindako bozketan, kolonbiarren gehiengo estu batek baztertu zituen puntu horiexek berak.
Mezu argia bidali nahi izan du Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak: ez dago bakerako beste biderik, eta gerrillarekin lor daiteken akordio bakarra berak sinatutakoa da.