FARC gerrilla armagabetzen hasi da
Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak (FARC) gaur hasi dira armagabetzen. Iazko azaroan sinatutako bake-akordioaren bide orrian jasotakoa beteko dutela esan du gerrillak; armak bilduko dituzte, aurrena, eta Nazio Batuen Erakundeko egiaztatzaileen esku utziko dituzte, ondoren. Trukean, Amnistia Legea berehala ezartzen hasteko eskatu dio FARCek Kolonbiako Gobernuari.
Agiri batean gerrillak azaldu duenez, miaketak egingo dituzte kanpaleku guztietan, arma guztien kokaleku zehatzaren berri emateko, eta horren arabera hasiko dira "arma ezegonkorrak eta lehergaiak" suntsitzen.
"Armagabetzen hasiko gara gaur, bake-prozesuarekin dugun konpromisoa berretsiz. Nazio Batuen Erakundearen esku utziko dugu material guztia", esan du FARCek.
Bogotan sinatu zen bake-akordioa, 2016ko azaroaren 24an. Horren arabera, 180 eguneko epea du FARC gerrillak armak entregatzeko, abenduaren 1ean zenbatzenhasita, egun horretan berretsi baitzuen Kolonbiako Kongresuak akordioa.
Ezarritako egutegian atzerapenak egon direla onartu du Juan Fernando Cristo Barne ministro kolonbiarrak. Halere, ziur agertu da, aurreikusi bezala, armagabetzea ekainaren 1erako amaituta egongo dela.
Amnistiak
Bestalde, Sergio Jaramillo Bakerako Goi Mandatariak iragarri du datozen egunotan sinatuko dituztela 1.200 gerrillariri amnistia emateko dekretuak. "Gerrillarien segurtasun fisikoa eta juridikoa bermatzea da lehentasuna", esan du.
Dekretuak Bakerako Goi Mandatariaren Bulegoak sinatuko dituen arren, Kolonbiako Gobernuak adierazi du epaile batek aztertuko dituela kasu guztiak, eta horrek izango duela azken hitza.
Zure interesekoa izan daiteke
AEBko Gobernuak kontratistaren hutsegite bat edo bideratzaile baten akatsa aipatu ditu aireko kaosaren balizko arrazoien artean
Zelenskik dio AEBk NATOn sartzea eskaini diola Ukrainari, Donbasi uko egitearen truke
Gurutzaontzi turistiko bat irauli da Mississippi ibaian, petrolio-ontzi batekin talka egin ostean
EBk bost herrialdetako ordezkariak bidaliko ditu Ukrainaren eta Errusiaren arteko bake elkarrizketetara
AEBk hegaldiei ekin die berriro, komunikazio arazo batengatik lau orduz etenda egon ondoren
Moskurekin negoziazioaren buru nor izango den erabakitzeko eztabaida abiatu du EBk
Jensen Huang Nvidiako CEOak dimititu egin du, eskandaluen ondorioz