Lurrikara batek ehunka hildako eta milaka zauritu utzi ditu Irak eta Iranen
Richter eskalan 7,3 graduko indarra hartu duen lurrikara handi batek 450etik gora hildako eta ia 7.400 zauritu utzi ditu bart Iran eta Iraken arteko mugan.
Hildako gehienak Irangoak dira (445dik gora), zaurituen kasuan bezalaxe (ia 7.100); Iraken, aldiz, hamar bat inguru lirateke hildakoak, orain arte, eta ehunka zaurituak (300 inguru).
Sismoa Azgale Iraneko herrian izan da, Kermanshah probintzian, hipozentroa 11 km-ko sakoneran izan du, Irango Sismologia Zentroaren arabera, eta Teheranen zein Bagdaden ere sentitu da, baita Kuwaiteko hainbat lekutan ere.
Igande gauean eta gaur, astelehen goizaldean, 30etik gora erreplika zenbatu dira mugaren bi aldeetan; horietako indartsuena, 5,3 gradukoa izan da, Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak (USGS) jakinarazi duenez.
Larrialdietarako taldeak martxan
Irango agintariek segurtasun talde guztiak mugiarazi dituzte, erreskate eta hondakinak kentzeko lanak bizkortzeko, Kermanshahko herri kolpatuenetan.
Bilaketa taldeak erlojuaren kontra ari dira lanean, bizirik geratzen diren pertsonak salbatzen saiatzeko. Talde horretan Armada, Iraultzaren Zaindariak, Boluntario Islamikoen indarra eta Irango Ilargi Gorria ere badaude.

Behnam Saidi Krisialdiak Kudeatzeko Irango Erakundearen presidente ordearen esanetan, 19 helikoptero eta hiru hegazkin bidali dituzte gune kaltetuenetara, zaurituak artatzeko.
Gainera, 140 anbulantzia, eta larrialdietako zerbitzuetako eta Gobernuaren bestelako erakundeetako milaka kide ere bertan dira.
Agintarien hitzetan, kanpai-ospitaleak jarri dituzte larrialdiei aurre egin ahal izateko eta Eslamabad Gharb, Sarpol Zahab eta Ghasr Shirin udalerrietako ospitaleei laguntzeko, gainezka baitaude.
Kalte handiak hiri askotan
Dardarak gehien kolpatutako herriak Ghasr Shirin, Sarpul eta Azgale izan dira Iranen, baina oraindik zaila da kalteak zein neurri hartu dituzten zehaztea, mendiko errepide asko itxita geratu baitira eta telefono bidezko komunikazioek zein argindarraren sistemak etenaldiak izan dituztelako.
Irango larrialdi zerbitzuen arabera, dozenaka hildako eta ehunka zauritu inguru izan dira Kermanshah-en, Mojtabar Nikkerdar Iraneko probintzia horretako gobernadorearen esanetan.
Iraken, Kurdistango Gobernuak jakinarazi duenez, Suleimaniya mugatik gertu dagoen probintzian zenbait hildako izan dira, baina ez du kopurua zehaztu, eta "500 zauritu baino gehiago" zenbatu dituzte.
Tokiko agintarien hitzetan, zenbait pertsona hil dira Darbandijan-en, mugatik kilometro gutxitara.
Hedabide kurdu-irakiarrek Darbandijanen eraitsitako eraikinen irudiak eman dituzte, baita hainbat herritan herritarrak ikaratuta ikusten ziren irudiak ere.

Gainera, sismoak arrailak zabaldu ditu Darbandijaneko zentral hidroelektrikoaren presan, Rahman Jani instalazioaren zuzendariak ohar baten bidez esan duenez.
Hala, eraisteko arriskuagatik, zuzendariak ibaiertzean bizi diren pertsonei etxetik alde egiteko deia egin die, kalteen neurria zehaztu gabe badago ere.
Horren aurretik, Saad al Yanabi Baliabide Hidrikoen ministro irakiarrak esan zuen luiziak izan direla Darbandijaneko presatik hurbil, baina berak ere ezin izan zuen zehaztu zein egoeratan dagoen presa.
Sulaimaniya, Halabya eta Karamian Irakeko udalerriek lanik gabeko eguna ezarri dute astelehenerako, izan diren hildakoengatik eta kalte materialengatik.
Halabya hiriko Udalak ere hamarnaka zauritu zenbatu ditu, baina momentuz hildakorik ez. Epizentrotik gertuenen dagoen Irakeko herria da.
Alabaina, Halabyako ospitaleko zati bat itxi dute, lurrikarak eragindako kalteengatik eta erreplikak izateko arriskuagatik; hori dela eta, eri batzuk patioan artatu behar izan dituzte, azaldu du aipatutako iturriak.
Laguntza humanitarioa
Turkiako Ilargi Gorria laguntza humanitarioa bidali duela iragarri du; kanpai-dendak, burusiak, sendagaiak eta janaria eramango du Irakeko mugatik hurbil duen biltegi batetik.
Giza Gaietarako NBEaren Organizazioa eta nazioarteko bestelako organizazio batzuk ere martxan jarri dira laguntza emateko, Kurdistan eta Irakeko Gobernuak jakinarazi duenez.
Erakundeak, Irak eta Iranekin bat
Federica Mogherini Europar Batasuneko Kanpo Arazoetarako ordezkari nagusiak EBren babesa eskaini die Irak eta Irani.
"Ondo baino hobeto badakigu neurri horretako lurrikara bat dagoenean zaila dela aurre egitea, beraz (aprobetxatuko dut) EB laguntzeko prest dago, erabilgarria izateko", esan du ordezkariak.
Bestalde, Gary Lewis Iranen Nazio Batuen Erakundeak duen koordinatzaileak tamalgarritzat jo du gertatutakoa eta nazioarteko erakundearen laguntza eskaini du.
"Irango Gobernuari eta herriari, doluminak, bart izandako lurrikararen ostean (…) NBEk lagundu egingo du, hala eskatzen badiote", esan du Lewisek Twitterren duen kontuaren bidez.

Fenomeno sismiko handiko gunea
Iraken mugimendu sismikoak izan ohi dira, herrialdearen mendebaldea zeharkatzen duen faila bat dela eta. Gainera, Irakeko iparraldea eta Turkiako hego-ekialdea ere hartzen du.
Historia osoan izan duten lurrikararik handiena 1990eko ekainean izan zen. orduan, 37.000 pertsona hil diren iparraldeko zenbait herritan.
2003ko abenduan jazo zen beste dardara batean, Kerman probintzian, 31.000 pertsona hil ziren.
Zure interesekoa izan daiteke
Estatu Batuen eta Iranen arteko negoziazioei buruzko informazioa jaso du Netanyahuk, Trumpekin bildu aurretik
Asteazken honetan Marco Rubio Estatu idazkariarekin eta Donald Trump presidente estatubatuarrarekin bildu atarian, Israelgo lehen ministroa Steve Witkoff eta Jared Kushner Ameriketako Estatu Batuetako ordezkariekin elkartu da.
Gutxienez 10 pertsona hil dira Kanadako eskola batean izandako tiroketan
Ustezko erasotzailea hildakoen artean dago. Kolunbia Britainiarreko agintariek adierazi dutenez, 25 pertsona inguru artatu dituzte bertako osasun zentroan eta beste bi ospitalera eraman dituzte, zauri oso larriekin.
Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa hari-harian, Epstein auziaren ondorioz
Keir Starmer lehen ministroak AEBrako enbaxadore izendatu zuen Peter Mandelson laborista Epstein auziko dokumentuetan agertu ostean, hautsak harrotu dira Erresuma Batuan. Hala ere, Starmerrek ez du dimititzeko asmorik.
Takaichi lehen ministroak nagusitasunez irabazi du Japonian, eta immigrazioaren aurkakoek gora egin dute
Kontserbadoreen buruak bi hereneko gehiengoa lortu du eta bere politikak aurrera atera ahal izango ditu. Orain arte indar gutxi izan duten bi alderdik ezustekoa eman dute: Sanseito ultraeskuindarrak eta Team Miraik.
Albiste izango dira: Bad Bunny Super Bowl-en, greba Tubos Reunidosen eta lanuzteak Renfen
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Bad Bunnyk batasun mezua zabaldu du Super Bowleko ikuskizunean, eta Trumpen kritikak jaso ditu
Artista puertorricarrak historia egin du Super Bowleko finaleko atsedenaldian egin ohi den ikuskizunean. Lady Gaga eta Ricky Martinekin batera, kontinentearen batasunaren aldeko aldarria egin du. Trump AEBko presidenteak adierazi du "herrialdeari zaplaztekoa eman" diola.
Seguro sozialistak irabazi du Portugalen, hauteskunde presidentzialen bigarren itzulian, botoen % 65,77 lortuta
Ventura ultraeskuindarrak, berriz, botoen % 34,13 lortuko lituzke, botoen % 98 zenbatuta. Herri batzuek hauteskundeak astebete atzeratzea erabaki dute, otsailaren 15era arte, herrialdeak azken bi asteetan jasan dituen denboraleen ondorioz.
Irango auzitegi batek zazpi urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri dio Mohammadi Bakearen Nobel saridunari
Starmerren aholkulari nagusiak dimisioa eman du Epsteinen artxiboen eskandaluagatik
Kabineteko buruak bere gain hartu du Mandelson enbaxadore kargurako izendatu izanaren errua. "Akats bat izan zen. Gure alderdiari, gure herrialdeari eta politikarekiko konfiantzari kalte egin die Mandelsonek", gaineratu du.
Takaichik irabazi ditu hauteskundeak Japonian, eta gehiengoa handitu du
Hauteslekuak itxi osteko lehen kalkuluek 274 eta 328 eserleku artean eman dizkiote lehen ministroaren Alderdi Liberal Demokratikoari, gehiengo absolutua aise gaindituta.