Huthiak Irango gerran sartu dira Israeli misilekin eraso eginez
Palestina hegoaldera jaurti dituzte misil balistikoak Israelen aurka.
Huthiek Iranen alde egindako manifestazio bat. Argazkia: EFE
Yemengo matxino huthiek Irango gerran parte hartuko dutela iragarri dute larunbat honetan, duela hilabete gatazka hasi zenetik Israelen aurka egin duten lehen erasoarekin.
Teheranen aliatu horiek Israelgo Armadak goizaldean aurreratu duena baieztatu dute goizean: "Irango Islamiar Errepublikaren eta Libanoko, Irakeko eta Palestinako erresistentzia-fronteen aldeko operazio militarra" abiatu duela.
Horrela, Yemengo indarrek "Palestina okupatuaren hegoaldean etsai israeldarraren helburu militarren aurka misil balistikoak jaurti" dituztela iragarri dute.
Israelgo Armadak herrialdearen hegoaldean gutxienez misil bat geldiarazi dutela jakinarazi dute, eta Beer-Xevan alarma piztu dela aireko espazioan misilak atzeman dituztelako.
Yemengo hiriburuan (Sana) eta herrialdeko eremu zabaletan agintzen dute huthiek, eta garrantzi estrategikoa dute gatazka honetan, Itsaso Gorriaren edo Saudi Arabiaren edo Jordaniaren gainetik Israelgo hegoaldera iristeko gaitasuna duten jaurtigaiak eta droneak baitituzte.
Yemengo matxinoek aurrez aurreko asko izan dituzte Israelekin. Gazako gerran, huthiek eraso kanpaina bikoitza egin zuten Palestinarekiko elkartasun keinu gisa, lehenik Israelen aurka eta gero Itsaso Gorriko nabigazioaren aurka.
2025eko martxoa eta maiatza bitartean, AEBk hilabete eman zuen Yemen bonbardatzen, harik eta Omanen bitartekaritzarekin hala moduzko su-eten akordioa sinatu zuten arte.