G7ak eta EBk Ormuzko itsasartea irekitzeko eta inguruko herrialdeak pairatzen ari diren “ondorioak” arintzeko deia egin dute
Mendebaldeko herrialde boteretsuenen Atzerri ministroek, baita AEBkoak ere, “populazio zibilaren eta azpiegituraren aurkako erasoak berehala eteteko” eskatu dute.
G7ko herrialdeek eta Europar Batasunak Ormuzko itsasartea berriro irekitzeko deia egin dute, Atzerri ministroen arteko bilera batean. AEBek eta Israelek Iranen aurka abiatutako gerraren esparruan, Mendebaldeko eragileek eskatu dute herritarren eta azpiegitura zibilen aurkako erasoak "berehala" eteteko. AEBk ere, gatazkaren parte aktiboa izan arren, testua sinatu egin du.
"Ormuzko itsasartean nabigazio libre eta segurua behin betiko berrezartzeko erabateko beharra berresten dugu, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 2817 ebazpenarekin eta itsasoaren zuzenbidearekin bat etorriz", adierazi dute Alemania, Kanada, AEB, Frantzia, Italia, Japonia eta Erresuma Batuko Atzerri ministroek, baita Kaja Kallas EBren Kanpo Politikarako goi ordezkariak ere.
G7ko herrialdeek eta EBk azpimarratu dutenez, "garrantzitsua da eskualdeko kideetan, populazio zibilarengan eta azpiegitura kritikoetan dituen ondorioak arintzea, baita laguntza humanitario koordinatzea ere".
"Populazio zibilaren eta azpiegituraren aurkako erasoak berehala eteteko eskatzen dugu", adierazi dute Marco Rubio Estatu idazkari estatubatuarrak ere sinatutako adierazpenean. Gaur bertan, AEBk Iranen azpiegitura nuklearraren kontrako erasoak egin ditu, Israelekin batera. "Ez dago inolako justifikaziorik gatazka armatuetan zibilei nahita erasotzeko, ezta instalazio diplomatikoei erasotzeko ere", gaineratu dute.
Era berean, "hainbat aliantza osatzeak, ahaleginak koordinatzeak eta ekimenak babesteak dakartzan onurak" jorratu dituzte, bereziki arintzeko "herritarrengan” eta “kate ekonomikoetan, komertzioan eta energiaren eta ongarrien horniduran” eragin zuzena duten krisi ekonomikoak.
Israelen eta estatubatuarren arteko erasoaldia hasi zenetik, Iranek blokeatuta dauka Ormuzeo itsasartea. Bertatik pasatzen ziren, gerra aurretik, itsasoz garraiatutako petrolio eta gas gehien daramaten ontziak. Presio neurri horrek energiaren prezioa garestitzea eragin du.