DANIMARKA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ezkerreko blokea nagusitu da Danimarkan, baina akordioak beharko ditu

Moderatuek edukiko dute Gobernua osatzeko giltza: 14 eserleku lortuta, ezkerreko blokearen (84) eta eskuinekoaren (77) artean erabaki beharko dute.

Copenhagen (Denmark), 25/03/2026.- Chairwoman of the Social Democrats, Mette Frederiksen, speaks during the Social Democrats' election celebration in Copenhagen, Denmark, 24 March 2026. Danish voters on 24 March headed to the polls for a snap parliamentary election. (Elecciones, Dinamarca, Copenhague) EFE/EPA/MADS CLAUS RASMUSSEN DENMARK OUT
Danimarkako lehen ministroa, Mette Frederiksen, Alderdi Sozialdemokratakoa, hauteskunde gauean. Argazkia: EFE

Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroaren ezkerreko blokeak irabazi ditu hauteskundeak, Danimarkako Parlamentuan 84 diputatu lortuta. Hala ere, gobernatzen jarraitu nahi badu, akordioak egin beharko ditu, gehiengoa izateko 90 eserleku behar baita. Etorkizuneko gobernuaren giltza Moderatuek izango dute. Alderdi zentristak 14 eserleku lortu ditu, eta erabaki beharko dute Frederiksenen ala eskuineko blokearen alde egin (77 eserleku).

Guztira, ezkerreko blokea osatzen duten alderdiek 12 eserleku galdu dituzte, batez ere Alderdi Sozialdemokratak izan duen beherakadagatik. Danimarkako alderdirik indartsuena da oraindik ere, baina nabarmen ahuldu da hauteskunde hauetan. Alderdi Sozial Liberala (Radikale Venstre), Ezker Berdea alderdi sozialdemokrata, Aliantza Gorri-Berdeko ekosozialistak eta Alternatiba alderdi europarzalea dira blokea osatzen duten gainerako alderdiak.

“Gustatuko litzaidake Alderdi Sozialdemokratak beste emaitza bat lortu izan balu, baina hau ondo dago”, adierazi du Frederiksenek.

Eskuineko blokea

Ezkerreko blokearen 84 diputatuen aurrean, eskuineko alderdiek —Alderdi Liberala (Venstre), Aliantza Liberala, Kontserbadoreak eta beste hiru alderdi— 77 diputatu izango dituzte Danimarkako behe ganberan.

Hala, gehiengo argirik ezean, Moderatuak —zentroko alderdia— giltzarri izan daitezke, 14 eserlekurekin, eta erabaki beharko dute Frederiksenen ezkerreko blokearen alde ala eskuinaren alde egin.

Bestalde, itsasoz haraindiko lurraldeei dagokienez, Faroe Uharteetako bi eserlekuak Faroe Uharteetako Alderdi Sozialdemokratak eta Alderdi Unionistak eskuratu dituzte, bana eginda. Groenlandian, berriz, boto gehien lortu dituen alderdia ezkerreko eta independentista den Inuit Komunitatea (IA) izan da.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X