Futbola eta geopolitika: Mussoliniren Munduko Kopa, Maradonaren mendekua eta Frantzia multikulturalaren arrakalak
Futbola, eta bereziki Munduko Txapelketak, historikoki helburu politikoekin erabili izan dira, kirolaren esparrutik harago doazen xedeetarako. Historian zehar horren adibide ugari izan dira.
Historiarako geratu da 1934ko Munduko Kopan faxismoari egindako gorazarrea. Italiako jokalariak besoa altxatuta, Mussoliniren presentzia mehatxatzailea, faxismoaren iruditeria guztia Alderdi Nazional Faxistaren estadioan… Totalitarismoek kirola legitimazio eta propaganda politikorako tresna gisa erabiltzeko izan duten joeraren adibiderik argi eta beldurgarrienetako bat.
Futbola eta politikaren arteko lotura, hala ere, ez da erregimen totalitarioetara mugatzen. Historian zehar, era guztietako gobernuek erabili dituzte kirol arrakastak eta nazioarteko txapelketa handiak tresna politiko gisa. Batzuetan, batasun soziala eta nazio-identitatea sustatzeko; beste batzuetan, aldiz, helburu ilunagoak bilatzeko.
Futbolaren dimentsio emozionala eta bere hedapen soziala handiegiak dira boterearen logiketatik at geratzeko. Alan Bairner soziologo britainiarraren ustez, parekorik ez dute: “Gerra garaiez aparte, nazio bateko kideen arteko komunitate sentimendua gutxitan agertzen da kirol ekitaldi handietan bezain bizi”. Horrela, futbola nazionalismo arruntaren adierazpide nagusietako bat bihurtzen da, Michael Billigek Banal Nationalism bere saiakera ezagunean islatu bezala.
Kirol garaipenak —eta porrotak— herrialde oso baten arrakasta neurtzeko tresna bilakatzen dira. Eta, horrenbestez, kirolaren eta politikaren arteko mugak lausotu egiten dira. Historiak adibide ugari utzi ditu.
Finala Alderdi Nazional Faxistaren estadioan
1934ko Munduko Kopa kirola propaganda gisa erabiltzeko adibiderik aztertuenetako bat da. Mussolini boterera iritsi eta hamabi urtera, erregimenak aukera paregabea ikusi zuen bere irudi berria munduari erakusteko, modernotasunari, ordenari eta indar nazionalari lotua.
Ikuspegi sinbolikotik, txapelketa osoa iruditeria faxistaz beterik egon zen. Kirol arloan, Italiak ez zuen zelaian bakarrik jokatu. Giuseppe Meazza garaiko jokalaririk onenetako bat zuen arren, atzerrian jaiotako italiar jatorriko jokalariak nazionalizatu zituen selekzioa indartzeko. Horrez gain, urte luzez salatu izan da erregimenak arbitroengan eta federazioengan presioa egin zuela.
Txapelketako finala, Txekoslovakiaren aurka, Stadio Nazionale del Partito Nazionale Fascistan jokatu zen. Erregimenaren arkitektura sinbolikoaren adierazgarri nagusietako bat zen, eta iruditeria guztia errejimenaren boterea eta estetika goraipatzeko diseinatu zen.
Propaganda faxistak mundu osora zabaldu zituen finaleko irudiak, Italiaren ustezko indarraren eta bizitasunaren froga gisa, eta garaipena faxismoaren arrakastaren erakusgarri moduan aurkeztu zuen Mussolinik.
Malvinetako gerraren mendekua
1986ko Munduko Kopa, berriz, mendekua hartzeko bidea izan zen Argentinarentzat. Malvinetako Gerrak arrasto sakona utzi zuen Argentinako gizartean. Erresuma Batuaren aurkako porrotak umiliazio nazional modukoa eragin zuen, eta herritarren iruditeria kolektiboan iltzatuta geratu zen.
Lau urte geroago, 1986ko Mexikoko Munduko Kopak ustekabeko agertoki bat eskaini zuen ordura arte pilatutako sumina bideratzeko eta mendekua gauzatzeko. Final-laurdenetan, Diego Armando Maradonaren Argentina eta Gary Linekerren Ingalaterra aurrez aurre aurkitu ziren, esanahi politiko eta emozional handiko neurketan.
Partida hura, baina, futbol arrazoiak tarteko, historiara igaro zen. Maradonak futbolaren historiako golik ospetsuenetako bi sartu zituen: Jainkoaren eskua eta mendeko gola.
Partida amaitu ostean, Maradonak berak aitortu zuen mendeku kutsua zuela: “Errebantxa bat izan da. Malvinetako zerbait berreskuratzea zen. Gure bandera defendatzen ari ginen, hildako gazteak eta bizirik atera zirenak”.
Argentinak Munduko Kopa irabazi zuen, eta Maradona txapelketako jokalaririk onena izan zen. Beste behin ere, futbola zelaitik kanpoko gatazkak eta identitateak proiektatzeko espazio bihurtu zen.
Frantzia multikulturalaren irudipena
Frantziaren garaipenak 1998ko Munduko Kopan kirol esparrua gainditu zuen. Zinedine Zidane zen talde haren burua, aljeriar jatorriko marseillarra. Harekin batera, jatorri askotako jokalariak aritu ziren: Marcel Desailly Ghanan jaioa zen; Patrick Vieira, Senegalen; Youri Djorkaeffek armeniar sustraiak zituen; Lilian Thuram Guadalupekoa zen; Christian Karembeu, Kaledonia Berrikoa; eta Thierry Henryren familia Martinikatik eta Guadalupeko artxipelagotik zetorren.
Baziren beste izen batzuk ere: Laurent Blanc, Fabien Barthez eta Emmanuel Petit, besteak beste. Eta hamaikakoan ezinbestekoak ziren bi euskal jokalari ere baziren: Bixente Lizarazu eta Didier Deschamps.
Txapelketan zehar, black-blanc-beur esapidea zabaldu zen selekzio haren dibertsitatea azaltzeko: jokalari beltzak, europar jatorriko zuriak eta Magrebeko migratzaileen seme-alabak.
Sendo eta eraginkor aritu zen taldea txapelketa osoan. Eta finalean Ronaldo Nazario, Bebeto eta Rivaldoren Brasilekin gurutzatu zen. Canarinha zen faboritoa, baina Frantziak 3-0 irabazi zuen, nagusitasun handiz.
Txapeldunen irudia Frantziako gizartearen ikur bihurtu zen. Eta agintariek garaipena baliatu zuten batasun nazionalaren, kohesio sozialaren eta Frantzia multikulturalaren arrakasta aldarrikatzeko.
Hurrengo hamarkadetako gatazkek, banlieueetako bazterkeriak eta Fronte Nazionalaren —gaur egungo Rassemblement Nationalen— gorakadak, ordea, erakutsi zuten agintariek zabaldu nahi izan zuten irudia gehiago zela haren irudipena.
Munduko Kopa apartheid osteko Hegoafrikan
Apartheida amaitu eta 16 urtera, 2010eko Munduko Txapelketa aukera ezin hobea izan zen Hegoafrikarentzat munduaren aurrean agertzeko. Herrialde eraberritua erakutsi nahi izan zuten: demokratikoa, kulturalki askotarikoa eta nazioarteko komunitatean erabat txertatua. Afrikan jokatutako lehen Munduko Kopa zen gainera, eta horrek ere garrantzi sinboliko handia eman zion.
Inaugurazio ekitaldiak, azpiegitura berriek eta herritarren parte-hartze zabalak irudi berri hori hedatzen lagundu zuten. Eta apartheid osteko Hegoafrikaren erakusleiho bilakatu zen Munduko Kopa.
Ekonomikoki errentagarria izan ez bazen ere, nazioarteko irudia hobetzen lagundu zuen, herritarren harrotasuna indartu eta azpiegiturak modernizatzeko bultzada eman zuen.
Putinen Munduko Txapelketa
Errusiako Munduko Kopa ere geopolitikaren ikuspegitik aztertu izan dute aditu askok. Vladimir Putinen gobernuak nazioarteko proiekziorako tresna gisa baliatu zuen txapelketa.
2014an Krimea anexatu ondoren Mendebaldearekin sekulako tentsioak sortu ondoren, modernotasuna, egonkortasuna eta antolakuntza-gaitasuna erakutsi nahi izan zuen Kremlinek.
Irudia garbitzeko erabili zuen txapelketa Putinen Gobernuak, barrura zein kanpora begira. Eta sportwashing adibide argitzat jotzen da. Orduan ere, futbola kirol hutsetik haragoko helburu politikoen zerbitzura jarri zen.
Zure interesekoa izan daiteke
Trumpek esan du "gustatuko" litzaiokeela Irlanda batzea: "Lehenago edo geroago gertatuko da"
Irlandan dago egunotan AEBko presidentea, eta bertan egin ditu adierazpen polemiko horiek. Erreakzioak erreskadan etorri dira.
BRICSeko herrialdeek Ekialde Hurbilean neurriz jokatzea eta alde bakarreko zigorrak baztertzea erabaki dute
Indian bilduta, herrialde horiek 140 puntuko adierazpen zabal bat adostea lortu dute, eta, besteak beste, elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu dute, "merkataritzaren eta energiaren fluxua babesteko".
Saudi Arabiak Ekialde-Mendebaldeko oliobidea itxi du, hainbat eraso jasan ostean
Azpiegitura hori da merkatu globalak hornitzeko bide nagusia Ormuzko itsasarteko egungo tentsio egoeran; egunean zazpi milioi upel petrolio gordin garraia ditzake.
Ramon Aizarnak 300 metrora bizi izan zituen 2001ean I-11ko atentatuak: "Ikusitako guztiaren inpaktua bizitza osorako izango da"
Ramon Aizarna gipuzkoarrak, AEBn bizi den euskaldunak, World Trade Centerrera begira zegoen loft batetik ikusi zituen I-11ko Dorre Bikien aurkako atentatuak. Une hartan bertan gertatzen ari zena zuzenean kontatu zuen ETBrentzat. 25 urte geroago, berriro hitz egin dugu berarekin, historia aldatu zuen egun tragiko hura berarekin gogoratzeko.
Emma Bonino hil da, Kontsumo, Arrantza eta Laguntza Humanitarioko Europako komisario ohia, 78 urte zituela
Eragin handiko politikari italiarra izan zen. Eskubide zibilen alde borrokatu zen bere ibilbide osoan (Italian abortua legeztatzearen alde, besteak beste), eta europazale sutsua izan zen.
Albiste izango dira: I-11ko atentatuen 25. urteurrena, PISA txostenaren analisia eta Kataluniako Diada
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
25 urte, I-11tik : Horrela gertatu zen mundu osoa dardarka jarri zuen eraso terrorista
Lau bidaiari-hegazkin bahitu eta Estatu Batuen erdigunea lehertu zuen Al-Qaidak gaur 25 urte. George W. Bush AEBko orduko presidentearen erantzuna berehala etorri zen, aurrekaririk gabeko terrorismoaren aurkako gerra abiaraziz.
Ceutako krisia Espainian barne helburu politikoetarako erabiltzen ari direla salatu du Marokok
Ceutara legez kanpo sartu ziren pertsonak "ofizialki berriro hartzeko prest" dagoela dio Marokok, eta horrekin lotuta, galdera egin du: "Zein da pertsona horiek ez itzultzeko arrazoia?".
Mamdani 11Sko omenaldira joango da New Yorken, eta Trump ez da bertan izango
Alkatearen presentziak kritika eragin du biktima batzuen senideen artean; Trumpek, berriz, Pentagonoan hartuko du parte oroimen-ekitaldietan.
Trumpek 5.000 dolar agindu dizkie estatubatuarrei bere alderdiak azaroko hauteskundeak irabazten baditu
Donald Trumpek heldu bakoitzeko 5.000 dolarreko "dibidendua" agindu du, errepublikanoek azaroaren 3ko hauteskundeak irabazten badituzte eta Kongresuaren kontrolari eusten badiote.